Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen aldetik izugarriak entzun behar izatea: lehenean, akademia pribatua zela eta egun ez dela beharrezkoa hizkuntza-eskolak edota euskaltegi publikoak daudelako; bigarrenean elkarte “pribatu” batek ez duela zilegitasunik eskubideen diagnostikoa egiteko; hirugarrenean, administrazio publikoen ministerio paraleloa eraiki nahi zela... Halere, errealitateak beste zerbait zekarren, izan ere, hirurek jarraitzen dute euskararen normalizazio-prozesuan eragiten oso osasuntsu.
Duela urte bat, bizitzan beste norabide bat hartu eta ikastolen mugimenduan lanean hasi nintzen. Eta, hemen ere mamu hori egon badagoela azalean sentitu dut: ikastolek gaur egun ez dute funtziorik betetzen. Eta harritu ez ezik, kezkatu ere egiten nau horrek.
Aturritik Ebrora zabaltzen den gure herrian, edo behinik behin neronek herritzat hartzen dudan lur-eremuan, egun ez dugu herri mailako hezkuntza-sistemarik. Finean, bi Estaturen mende gaude, eta horietako batean bi autonomia-erkidegotan banatutako herria da gurea. Horrek, nola ez, zaildu edota ezinezko egiten du hezkuntza-sistema nazionala ardaztea. Are gehiago, botere publikoetan unean uneko alderdien interesen araberako hezkuntza-politikak izaten direnean.
Egiari zor, ez dut inolako zalantzarik hezkuntza-sistema publikoetan ere urrats garrantzitsuak egin direla komunitateari esker, irakasle eta guraso konprometituei esker hain zuzen. Eta, bai, nik ez baitut inolako arazorik egin hor egindako lana azpimarratzeko, zoriontzeko modukoa da.
Eta horrekin batera, Euskal Herrian herrigintzaren tradiziotik sortutako eta Euskal Herrian ardaztutako hezkuntza-egitura nazionala ere badago: Euskal Herriko Ikastolak. Izan ere, Euskal Herrian jakin dakigu administrazioa iristen ez den hainbat eremutara herri-ekimena iritsi izan dela, eta horixe izan dela, eta badela, aurrera egiteko aukera bakarra. Euskal Herria ez da Madril, Kantabria edo Normandia. Estatua ukatua duen lurraldea gara eta horrek bereizgarri asko dakartza geurera. Ezin da euskal hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketarik egin abiapuntu horretatik ez bada.
Egun dagoen hezkuntza-sare nazionala da Ikastolena, Euskal Herria bere osotasunean egituratzen duen bakarra. Dena dela, hori horrela izateko ez da nahikoa Lapurdin, Nafarroa Garaian edo Zuberoan Ikastolak egotea. Nazionala da zazpi herrialdeetan lan egiten duelako, eta Euskal Herria ardatz lan egiten duelako, bere ekarpena Euskal Herriari egiten diolako, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezala (UEU, AEK, Topagunea, Kontseilua…). Eta, noski, horrek erantzukizunak eta betebeharrak dakarzkigu ikastoloi.
Eta, gainera, herritarrenak gara ikastolak. Ikastolen titularrak herritarrak gara: familiak eta langileak. Seme-alabak Ikastolan eskolaratzeko erabaki edota Ikastola baten lan egitea erabaki duten familia eta langile guztiak gara ikastola. Gainera, horrek gure autonomia bermatzen du, nolabaiteko burujabetza eskaintzen digu. Autonomia horri esker, hezkuntza-sare nazional izateak dakartzan erantzukizunei erantzuten diegu. Murgiltze-ereduaren aitzindariak izateaz gain, egun, maila nazionalean jarraitzen dugu lantzen ikasle euskaldun aktiboak nola lortu. Autonomia horri esker digitalki burujabeak izan nahi dugula erabaki dezakegu, eta erabaki dugu. Ezin ahaztu, ikastolon autonomiak ekarri dutela euskal curriculuma ardatz duen ikasmateriala sortzea. Are gehiago, sortzeaz gain Euskal Herriko edozein ikastetxeri eskaintzea erabaki dugu. Izan ere, gure bokazioa ez da guk sortutakoa geuretzat gordetzea, ekarpen gisa irudikatu izan dugu. Horrekin batera, geure buruaren jabe izateak herri honetarako ezinbestekoak diren proiektuak bultzatzeko aukera ematen digu. Izan kontsumo energetikoa helburu Goinerrekin kontratatzea, izan gure jangeletan Errigorako produktuak kontsumitzea… Zerrenda luzea osatu genezakeen.
Bestalde, Euskal Herri mailako sistema izateak izaera komunitarioa izatea eragin digu, bai elkartasunerako bide eman ere. Beka-sistema propioak ezartzeko determinazioa izan dugu eta horrela, daukanak ordaindutakorekin guztiok baliatzeko bideak ezartzen ditugu. Elkartasun Kutxaren bidez, guztion baliabideekin, zailak diren lurraldeetan euskarazko eskaintza mantentzea lortzen dugu. Berriki suak erabat kiskali duen Donamartirin kokatua den Arberoako Ikastola ere elkartasun kolektiboaren bidez berreraikiko dugu. Eta, nola ez, ikastoletako kideok herrigintzako beste hainbat proiektu laguntzen jarraituko dugu dela ekonomikoki, dela parte hartze zuzenaren bidez: Irrien Lagunak, Errigora, Euskalgintzaren Kontseilua…, bai eta ekonomikoki ere. Horrela ulertzen dugu ikastoletan elkartasuna: daukanak ez daukanarekin partekatzea eta herria geure ekarpenen bidez eraikitzea.
Eta arazorik ez dago ajeak ere baditugula aitortzeko. Badaukagu zer hobetu eta zer zuzendu. Ez gara inozoak, ez eta autonkonplazienteak ere. Udaberri honetan egin dugu geure Zazpigarren Batzarra, eta hobetzeko eremu asko identifikatu eta planifikatu ditugu; bai eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko lan-ildo berriak ere. Poltsikoak bete lan ditugu nahi dugun hori izatera iristeko.
Herri batek hezkuntza-sistema sendoa behar du, are gehiago, egoera gutxituan duen hizkuntza bat baldin badu, edota instituzionalki erabat zatituta baldin badago. Bere sorreratik ikastolen mugimenduak hori izan du helburu: muga guztiak gaindituz, Euskal Herriko hezkuntza sistema eraikitzea. Horixe egin dugu azken hamarkadotan eta konpromiso horrekin jarraituko dugu hurrengoetan ere Euskal Herriko Ikastolak osatzen dugun 114 ikastolok, gure hezkuntza-sistemak, oraindik, ikastolen beharra duelako.
Armentia ikastolako zuzendaria