Zer gertatu zen jakin nahi duzu, ezta?”, galdetu zidan Nivek laranjondo baten itzalean. Kibbutzean ginen biok, Gazatik bost kilometrora. Bonbak entzun genitzakeen. “Urriaren zazpian berehala deitu ninduten”, kontatzen hasi zen, lurrera begira. “Mejablimak (terroristak) etxe ondoan genituen”.

Aurrean genuen lapikoa borborka hasi zen. Kafea bota zion. Kafe shajor, arrunt mingotsa. “Ez dakit nola izan ginen gai egin genuena egiteko”, aitortu zidan ahots ahulez. “Familia etxean utzi, pistola hartu eta hainbat lagunekin batera tiroak jotzen hasi ginen, horma batean ezkutatuak. Hamasekoek ondo zekiten nondik sartu komunitatean. Plana ondo diseinatua zeukaten. Gu baino askoz gehiago ziren, ondoko pinudian, potentzia handiagoko armekin. Haiek han eta gu hemen” –adartxo batekin lurrean marraztu zuen planoa–. “Handik honantz gindoazen, gu beraiek baino askoz gehiago ginela pentsa zezaten. Mejablimak izutzea zen gure xede bakarra. Ejerzituaren berri ez genuen eta gu nekazariak baino ez gara. Ez ginen egoera horri aurre egiteko prest. Borroka batean galtzeko aukera guztiak genituen”.

Orduak eman zituzten horrela, egoera baretu zen arte. Nivek etxera itzultzea erabaki zuen, zer aurkituko zuen beldurrez. Emaztea eta haurtxo txikiek han zirauten, dardarka. Une horretan beste dei bat jaso zuen: “Bi terrorista kibbutzean daude eta zure etxera doaz”. Babeslekuan gorde ziren korrika. Hamasekoek etxeko atea bota zuten. Bat-batean, bi tiro: kibbutzeko beste norbaitek lortu zuen bi terroristak pasilloan akabatzea. Nivek haurrei begiak estali eta etxetik atera zituen. “Horiek izan ziren kibbutzean entzun genituen azken tiroak”, azaldu zidan berak. Kafeari trago luzea eman zion. “Heroi bat zara”, esan zion ondoan nuen batek, beharbada zer esan jakin gabe. “Heroia?”, erantzun zion berak irribarre triste batekin. “Nik ez dut heroia izan nahi. Bere etxean bizi nahi duen pertsona normala naiz; haurrak gorrototik aldendu nahi dituena. Maitasunean hazi nahi ditut, munduko beste edozein aitak nahi duen bezala. Besterik ez”. Isilune luzea egon zen. “Zer? Jarraituko al dugu laranjak biltzen?”, begiarekin keinu bat egin, edalontzia zabor-poltsara bota, eta eskua luzatu zidan berriro altxa nendin.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Nitzari, gertuko kibbutz batean. Senarrarekin bizi zen, jubilatuak biak, Nova jaialdia izan zen eremutik oso gertu. Egun horretan, leihotik ikusi zituen mejablimak etxean sartzen. “Oso gogoan dut senarrari esan nizkion hitzak: honaino heldu gara, amaitu da dena”, komentatu zidan limoiondo-zelai batean. Segundu luze horietan biek errezatu omen zuten, sinestunak ez badira ere. Ez dakit zoriak, patuak edo Jainkoak berak salbatu zituen. Bakarren batek esango dit Kitat Konenutak libratu zituela (kibbutzak duen guardiak), baina permitituko didazue sinisten zerbait gehiagok lagundu zuela bikotea. Salbatu ziren, kalendarioko orriak pasatu dituzte, baina urriaren zazpia izaten jarraitzen du Otef Azzan. Izan ere, udaberria fruituei baino ez zaie heldu.

Gogoan dut Danielleren testigantza. Goiz beltz horretan, etxeko babeslekuan gorde zen alabarekin, eta lortu zuen atea ixtea. Terroristek sute bat eragin zuten, biak indarrez aterarazteko. Keak berehala hartu zuen gelatxo txiki hura. Orduan, Daniellek edozein amak sekula hartu behar ez lukeen erabakia hartu behar izan zuen: “nola nahi dut nire alaba hiltzea, keak itota edo, atea irekita, tiro batez buruan?” Bigarrena aukeratu zuen. Zorionez, ez zuten hil, baina biak bahitu zituzten. Truke baten ondorioz, hilabete batzuk geroago itzuli ziren biak. Bai, baina baina nora? Hainbat senidek Gazan zirauten. Diraute, oraindik. Batek daki nola –batek daki bizirik–.

Hau argitaratu baino lehen, badakit zer esango didan batek: “Eta Gaza? Eta palestinarren mina?” Argi hitz egingo dut. Palestinarren sufrimendua salatu izan dut Tel Aviveko kaleetan, hala Israelgo gobernuak, nola Hamasek eragin izan duenean; urriaren zazpia baino lehen eta ondotik. Maiz. Maizegi. Egin izan dut, Bibiren gobernuak egitez eta ez-egitez hainbat kolonok eragindako errepresioa permititu izan duenean; edo ministro estremistek palestinarren edo arabiarren aurkako gorrotoa ereiten duten adierazpenak egin dituztenean ere. Ez dut neure burua justifikatu behar, baina egingo dut oinarrizko gauza batengatik: israeldarra ez banaiz ere, hori ere nire errealitatea delako eta Israel liberala etengabeko borroka batean dagoelako mesianikoen kontra. Isilik geratzea ez da aukera bat. Iruditzen zait ez dudala kredentzialik behar. Baina, bide batez, pentsatzen dut ahal dudala galdetu non ote zeuden “pro-palestinar” berriak, Hamasek palestinarrak zapaldu, torturatu edo erail izan dituen bakoitzean –oposizioan zeudelako, emakumeak edo homosexualak zirelako... eta abar–.

Nolanahi ere, zaila izaten da baikorra izatea. Hildako gehiegi, sufrimendua bi aldeetan, haurrak hondakin artean, bahituak eta, “super-feminista” askoren begirada axolagabearen aurrean, Hamaseko tuneletan etengabe bortxatuak diren emakume israeldarrak. Iparraldean, Hezbola eta Irango teokraziaren mehatxua. Bitartean, Israelgo gobernuan, “garaipen absolutua” aldarrikatzen duen lehen ministroa –islamistek bere herritarrak Gazako tuneletan torturatu eta hiltzen dituzten bitartean–. “Hondamen osoa”.

Itzuli nintzenean, neure buruari agindu nion ez nuela ezer idatziko. Ez behintzat hau guztia ondo prozesatu arte. Aitortu beharra daukat oraindik ez dudala egin, baina aitzakia on bat daukat promesa hausteko. Tomek, Israelgo adiskide minak, duela egun batzuk idatzi zidan anaia aita izan dela esateko. Bera osaba izan da. Huskeria irudituko zaizue, garrantzi gutxikoa, baina dena nahasi ninduen horrek. Ez dago haur bat baino unibertsalagoa den ezer. Haur batek hizkuntza guztietan negar eta barre egiten du. Edozein herrialdetan, edozein erlijioren baitan. Haur baten heriotzak gu guztiok nahigabetu beharko gintuzke eta jaiotzak alegratu. Jaioberri batek mugak hausten ditu eta itxaropena piztu. Mundu osoak aldatu beharko luke Ijiloven jaio den ume horregatik. Ume horregatik bakarrik.