Duela 30 urte, hezkuntza-sistemaren parte bat, publikoa, hain zuzen, zerumugan zeukan lege batetik abiatuta, sistema osoa kontuan hartzen duen egitasmo batera jauzi egin da astearte honetan, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onetsi duen Hezkuntza Lege proiektuaren bidez. Zinez azpimarragarria da egin den jauzia, bai eta goratzekoa ere, denbora luzean, askotariko eragileekin egin den lan isila, halako egitasmo konplexu bezain garrantzitsu bati ateak parez pare irekitzea ahalbidetu du eta. Dagoeneko, oso atzean laga ditugu alderdi nagusiek hezurmamitu zuten akordioa eta Eusko Legebiltzarrak onetsitako oinarriak, proiektu honen zimentarri bilakatu zaizkigunak. Orain, beste aldi bat ireki da, gure hezkuntza-sistema gaurkotzea ez ezik, egungo erronkei zein etorkizunekoei erantzuteko helduleku berriak eskain ditzakeena.

Ikasleak ardatz, sistema osoari begiratzen dio Hezkuntza Legearen proiektuak. Ikuspegi hori aurrerapauso handia da... eta berritzailea ere bada, sistema osatzen duten guzti-guztien ahaleginak uztartzea, indartzea eta hobetzea dakarrelako, betiere helburu erkide batzuk itsasargi gisa hartuta. Hori horrela, doakotasuna eta aukera-berdintasuna sistema osora hedatzea, finantzaketan sare batzuek izan dituzten gabeziei aurre egitea, segregazioari aurre egiteko neurriak hartzea, planifikazioa, euskara ardatz duen eredu eleaniztuna, ikasleen irteera profilak, ebaluazio jarraitua antolatzea eta abar garrantzi handiko euskarriak dira aurkeztu den proiektuan.

Badira proiektua are gehiago zehaztu beharko litzakeela esango dutenak. Nago, ordea, iraun eta garatu nahi den lege batek zehaztasuna eta malgutasuna uztartu behar dituela. Are gehiago, gizartearen errealitatea bizkor aldatzen ari den aldi honetan. Ondorioz, gutxieneko zehaztasuna izatea ezinbestekoa da, sistema noraezean ibil ez dadin... eta malgutasuna ere hil ala bizikoa da, aldian aldiko behar, egoera eta errealitateei eskola bakoitzak eragingarritasunez erantzuteko gaitasuna izan dezan. Azken kontu hori esanguratsua da, autonomia eta esku-hartze are handiagoa ematen baitzaie ikastetxeei, Europan are arrakastatsuagoak diren hezkuntza-sistemetara hurreratuz. Hezkuntza komunitatearen osaera, errealitatea, ez da bera Bilboko San Frantziskon, Otxarkoagan, Abandon, Barakaldoko Beurkon edo Oionen, ondorioz, osaera eta errealitate desberdinak badira, helburu komunetara iristeko, estrategiak ezin izan daitezke simetrikoak. Eta hizkuntza kontuez ari garela, beste horrenbeste esan daiteke. Errealitatea ez baita bera Gasteizen, Ataunen, Agurainen, Bilbon, Ondarroan edo Irunen... halakoetan ere, ezarritako hizkuntzekiko gutxieneko helburu komunetara iristeko, hizkuntza bakoitzari eskainitako eragin-denbora, nahitaez, desberdina izan beharko da.

Ez dakit zergatik batzuk murgiltze-ereduaren kontuarekin tematzen diren! Bibliografia teknikoak eta zientifikoak, hamarkadetako esperientziak erakutsi digu hezkuntzan, hizkuntzak beste parametro batzuen inguruabarrean kudeatu ahal ditugula, eta emaitza are hobeak lortu. Halakoetarako, ordea, ezinbestekoa da ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza eta Hizkuntza Proiektuak zehaztea, ez dokumentu burokratiko gisa, egoera aldakorrei erantzuteko eta eraldatzeko tresna gisa baizik; aldian-aldian, emaitzen ebaluazioa egitea, horien arabera, behar diren moldaketak eginez; irakasleen oinarrizko eta etengabeko prestakuntza hobetzea, unibertsitate zein bestelako eragileekin lankidetzan arituz; etapen artean eta etapa bakoitzean hezkuntza profesionalek batera jarduteko kultura areagotzea; eskuartean erabiltzen diren materialen hizkuntzen eta edukien kalitatea hobetzea eta abar.

Galtzak bete lan! Nolanahi ere, aukera ezin hobea daukagu gure hezkuntza-sistemaren zimentarriak eta habeak biziberritzeko... ea norbanakoen interesek, lehentasun sindikalek, politikoek zein korporatiboek eztabaida itotzen, ezerezean lagatzen eta lorrintzen ez duten! Gaurko zein biharko belaunaldiek, gaurko zein biharko euskal gizarteak, gutxieneko begirunea behar dute, nire ustez, behintzat.