Badaude hainbat pertsona gizakion historian ahaztuta geratzeko arriskuan leudekela. Agian “moda” kontua. Beraz, lehenik eta behin esan dezadan ez dela gaurko hau lehenengo aldiz gai honetaz aritzen naizenik, ez. Agian ez da azkeneko aldia izango ere, ez. Gogoko baitut pertsona, gizakia, gizona. Gogoko bere indarra, izpiritua, bere izpirituaren indarra, bizitza eta heriotza bera. Bere izpiritua, indarra. “Gandhi edo izpirituaren indarra”. François Mauriack guztiz ezagunak esan ohi zuen Jesusen bizia idazteko (sic) belauniko jarri behar zela, baieztapen horri jarraituko bagenio era bertsuan esan daiteke agian Gandhiri buruz, berari buruz zerbait aipatzekotan txapela kendu egin beharko litzatekeela. Begirapen, umildade osoz eta begirune guztiz noa beraz, Mahatmaz (“Arima Handiz”) zer edo zer adieraztea. Oihal zuri batean bildutako gorputz txikiko eta izpiritu handiko agure maitagarria, mende laurdenean Indiako destinoen jabea izan zen. Berak ezetz esan arren, saindu bat izan zen, eta saindu handia gainera, Indiar Asisko Frantzizko Saindua, kuraiaz, amodioz, pozez eta umorez beteriko gizon harrigarri eta argigarria.Gizadi osoaren argi garbia eta India modernoaren arima gertatu zen. Jendeak kantatzen zion: “Gandhiji Kai” (garaipena Gandhiri), baina bera ez zen harrotzen: “Jendeak egiten didan adorazioak gaixorik uzten nau. Askoz hobea izango litzateke txistua aurpegira botako balidate. Gizon bat azken tokian bere borondatez ipintzen ez den bitartean, ez dago beretzat salbaziorik. Musulman, kristau, parsi, judu eta hinduen zerbitzaria naiz. Zerbitzatzeko maitasuna behar da, ez izen famatua. Eskale pobre bat naiz. Nire ontasunak hojalatazko plater batzuk, ardi esnerako pitxarra, galtza eta lehor-zapi batzuk besterik ez dira. Eta, azkenik, nire izen ona, askorik balio ez duena”.

Mahatma Karamcitahid Gandhi 1869ko urriaren 2an jaio zen Bombay probintziako Porbandar herrian, eta Delhi Berrian hil zuten 1948 urtarrilaren 30ean, orain dela 75 urte eta hilabete beraz. Batxilergoa 1887an bukatu zuen eta Britainia Handira joan zen Zuzenbide ikasketak egitera. Lege gizon zelarik 1891an itsasontzia hartu zuen Indiara abiatzeko eta han 20 urte igaro zituen. Diskriminazio eta bazterkeri gogorrean bizi ziren hain zuen “coeli” errukarriak hain zuzen. Gandhik herrikideak bildu eta horrela esaten zien: “Hemen pariak gara gu, eta ondo merezita daukagu. Zergatik? Gure lurraldea, Indian, pariak bezala tratatzen ditugulako herrikide asko. Menderen mendetan hamaika kasta maila daukagu gure artean. Has gaitezen bada geure buruak aldatzen eta orduan izango dugu eskubiderik hemengo bidegabekeria aldendu eta kentzeko”. Ekitaldi latzak egiten zituen jendetza handiak bilduz eta herri guztietan ibilaraziz, eta jardunaren jardunaz beretarren kontrako legeak erauztea lortu zuen (Indian’s Reliev Act). Agintariek ulertu zuten Gandhi bezalako buruzagi batek gidatutako indar izpiritualari eusterik ez zegoela. Honela zioen Gandhik: “Lapurreta eta odol isurtzerik gabeko iraultza izan da, bakoitzaren sufrimendu kemenari bakarrik zor zaion garaipena erdietsiz. Baina gure saria ahaleginean dago eta ez ondorioetan. Ahalegin osoa berez da garaipen betea”. 1908an kartzelan sartu zuten lehenengoz. Gerora ere, giltzaperatu zuten Hegoafrikan.

1914ean Indian zegoen berriro: “Printzipio handiok, Satyarena (egiarena) eta Ahimsarena (bortxakeri ezarena) mende ditugu gida gaitzaten. Mundu nahastu baten gainean begira dauden isilak dira. Sarvodayak (denen onak) izan behar dugu xede. Jainkoa da gizaki guztiak elkartzen dituen lokarria. Lokarri hau puskatzea, gure etsairik larrienaren kasuan izanda ere, jainkoa baztertzea izango litzateke. Ahimsa (indarkeria eza) egia bilaketaren oinarria. Hau gabe, hondarraren gainean eraiki besterik ez dugu egingo. Guztiok pintzel beraz margotuak gara, denak gara egile bakarraren seme alabak. Indarkeria eza da gizalegea, indarkeria abere-legea den bezala. Abereen izpiritua lo dago, abereak gorputz indarra besterik ez du ezagutzen. Gizonaren handitasunak goragoko lege bati, izpirituaren indarrari, obeditzea eskatzen du. Nire egite guztiek honetan, gizadiaren maitasun itzalgaitzean, dute iturria. Bada berrogei urte baino gehiago inorentzat gorrotorik ez dudala. Guk, txiro eta zarpatsuok, askatasuna lortuko dugu gizadi guztiarentzat. Gure mugimendua indar moralean bakarrean dago erroturik”.

1917an Iparreko Bihar-ren, 1918an Khaira-n, 1920an Talucca-n lortzen du bere lanari esker itxuragabeko zerga asko kentzea. 1919-1920an,”kooperazio-eza”ren politikari hasiera eman zion (Satyagraha). 1931-1932an Indiaren ordezkaria izan zen Londreseko mahai Inguruko Batzarrean. Haren kezkarik nagusiena hindú, mahometano eta sike-en arteko borrokak bukatzea zelarik, ezinikusi zahar hiltzaileak itzali nahi izan zituen, guztion anaitasuna lortzear. Baraua eta “kooperazio-eza” ziren bere arma. 1908tik 1945ra 17 bider egon zen kartzelan eta 15 baraualdi burutu zituen. Berea Iraultza izpirituala zen, pentsamenduaren, lanaren, ekina, esfortzua, eta sakrifizioaren iraultza, solidaritate, maitasuna eta garbitasunaren iraultza. Egiazko iraultza, iraultza ezin garaitua, ezin zanpatua inolaz ere. Iraultza baketsua, iraultza politikoa. Sakona eta zabala. Gandhiri zor zaio Indiaren askatasuna. Baina azkenaldira ez zebilen oso pozik: Askatasuna lortua zuten, India ordea bi zatitan gelditu zen, batetik Pakistan, gehiengo musulman eta gutxiengo hindu zituela, bestetik Hinduistan, gehiengo hindu eta gutxiengo musulmanekin.

1948ko otsailaren 30ean, orain dela 75 beraz, goizeko hiru t´erdietan jaiki eta bere azkeneko eguna hasi zuen. Arratsaldeko lau t´erdietan bazkaria hartuta arinki doa otoitz lekura jende tartean pasatzen. Hindu fanatiko gazte batek hiru tiro botatzen dizkio. Mahatma makurtu, eskuak elkartuz otoitz egiteko lez, isilik dio: “Rama” (Jainkoa), hila erori. Gandhik sinesten zuen arima ez dela hiltzen, izpiritua dela egia eta askatasuna. Izpirituaren indarra. l