Hezkuntza etxekotuegi dagoen garai honetan, basati eta etxekotuaren arteko oreka bilatu beharra dago. Esaldi hau ez da nirea, Harvard unibertsitateko David Perkins ikerlari estatubatuarrarena baizik. Iruñean bere hausnarketa eta ikerketen emaitzak entzuteko aukera izan nuen, eta gaurkoan entzundakoaren inguruko nire aletxoa ekarri nahi dizuet. Mundu konplexu honi erantzunak emateko prestatu behar ditugu haurrak, etengabeko aldaketan dagoen munduari erantzunak emateko gai izan behar baita hezkuntza. Beharrizan hauei erantzuteko galdera batzuk planteatzea ezinbestekoa da: Zer ezaugarri izan behar ditu belaunaldi berriak prestatuko dituen hezkuntzak erronka hauei erantzun ahal izateko? Nola landu pentsamendu kritikoa egoera ezberdinetara egokitzeko gai izan daitezen ikasleak?
Proiektuka lan egiteak eta disziplinartekotasunak asko lagunduko digu eginkizun honetan. Izan ere, haurrak ikaskuntza prozesuaren protagonista izan behar du, eta egiten duenari osotasuna emateak zentzua ematen lagunduko dio. Eta kuriositatea piztuko dio. Ikasleak jakinminaren bidez zalantzan jarriko duelako landutakoa, eta hori da funtsean ulermena garatzeko bidea.
Mundu konplexu honi aurre egiteko ezagutza iturriak zabaldu behar ditugu haurrengan: ulermena, adierazgarritasuna eta harridura sustatuz. Eta zertarako zentratu ulermenean? Haurrak txunditzeko, interesa pizteko, haien ideien jabe izan daitezen.
“Pentsamenduaren irakaskuntzaren helburu orokorra ikasleak arazoak modu eraginkorrean konpontzeko prestatzea da, ondo pentsatutako erabakiak hartzeko eta bizitza osoan zehar ikaskuntzaz gozatzeko.” David Perkins, 1997. 25 urte ditu esaldi honek, baina gaurkotasun handia du. Ez dirudi orohar azken 25 urte hauetan bide hau hartu duenik hezkuntzak. Azken urteotan akaso.
Programazio eta proiektuetan ekintzaren bitartez ikastea ahalbidetuko dituen erramintak bultzatu behar ditugu. Horretarako bi kontzeptu garrantzitsu azpimarratzea gustatuko litzaidake:
-Sortzailea ahalduntzearen garrantzia: irtenbide bat aurkitu arte mila bide bilatu.
-Diseinuarekiko sentiberatasuna bultzatzea: gertutik behatu, konplexutasuna esploratu, erritmoa jaitsi eta aukerak bilatu.
Guzti hau aurrera eramateko pentsamendu kultura bultzatu behar da ikasleengan. Izan ere, edozein plan arrakastatsua izango da kulturarekin zerikusia badu. Hau da, haurrek kulturaz goza-tzea ekintza esanguratsuen bitartez. Eta nola sortu kultura? 8 indar kulturalen bitartez: itxaropenak, aukerak, denborak, ereduak, hizkuntza, ingurunea, elkarreraginak eta errutinak.
Zehaztu ditzagun motzean:
- 1Denbora: denbora kurrikularra eskainiz, ikasleek pentsatu dezaten.
- Aukerak: benetako jarduerak proposatu ikasleei, praktikan jar ditzaten.
- Errutinak: Gelan erabiliko ditugun teknika antolatzaileak dira, forma desberdinak egituratzen, ordenatzen eta garatzen laguntzen digutenak.
- Hizkuntza: pentsamendua garatzeko beharrezkoa da pentsamendu hizkuntza garatzea, non prozesu kognitibo desberdinak izendatu, deskribatu, bereizi edota hausnartu beharko diren.
- Ereduen sorrera: Ikasleek beren ideiak partekatzen dituztenean, ikuspuntuak trukatzen dituzte eta eztabaidatu egiten dute.
- Elkarreraginak: bakoitzak zer pentsatzen duen eta zer esan dezakeen testuingurua sortu behar da, non bakoi-tzak bere indarguneak baina baita bere ahulguneak ere adieraziko dituen.
- Inguru fisikoa: konfidantzazko ingurune emozionala sortzea garrantzitsua den arren, ingurune fisikoa ezartzea ere oso garrantzitsua da.
- Itxaropenak: ezarri “menua” edo “eguneko ordena”, ikasleek zer espero dugun jakin dezaten.
Fernando Delgalarrondoren esaldi honekin amaitu nahi nuke gaurkoan: “Zerbait benetan ulertzen duzunean eta errealitatearen pertzepzioa duzunean, konplexua sinplea bihurtzen da. Gure garaiko arazoetako bat da arazo konplexuak konponbide sinplistekin konpondu nahi ditugula. Baina kontuz, sinplismoa eta sinplea ez baita berdina.”
Ez diezaiogun hezkuntzari erantzun sinplistarik eman, eta eragin diezaiogun buruari, konplexutasuna era sinplean uler dezaten ikasleek.