Gabonak gainean dauzkagun honetan, batari eta besteari zer oparitu pentsatzea ez da lan erraza izaten. Gustukoa izatea garrantzitsua izaten da eta, aldi berean, probetxuzkoa bada hobe. Etxeko txikienentzat, urteko sasoirik magikoena izaten da. Handiagoentzat… badu magiatik ere: nori ez diote opariek ilusioa egiten?

Nerabezarora iristen ari diren seme-alabak dituztenen etxeetan, ohikoa izaten da lehen mugikorra garai hauetan oparitzea. Eta bai, badakigu, sekulako ilusioa egiten die!

Hau dela eta, Altxa Buruak eta Sara Albisu Zubizarretak ondorengo mezua helarazi nahi die hau egitekotan dauden familiei. Jakin, Sara Albisuk, pasa den urtean No Phone Challenge ekimenean parte hartu zuela. Proiektu honetan, Telmo Lazkano-ren gidaritzapean, DBH4ko ikasle talde batek, mugikorrak beraien bizitzetan zuen eta izan zezakeen eraginaren lanketa bat egin zuten, eta amaieran, beraien mugikorrak ikastetxeko zuzendaritzan entregatu zituzten astebetez, egunero-egunero, ekintza honek eragiten zizkienak idatziz jasoz.

Lanketa honetatik egindako hausnarketaren ondorioa da Sarak Olentzerori idazten dion gutun hau:

“Aspaldiko, Olentzero!

Aurten ez dizut merkatura ateraberri den sakelekorik eskatuko. Gabon hauetan ez dut mugikorrik eskatzeko nahirik. Mugikorrik gabe egon naizenean, hasieran adikzio sintomak jasan izan arren, ondoren sentitutakoak erabat aldatu nau, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaidake.

Gauza da sakelekorik gabe gure nortasuna aurkitzea askoz ere errazago egiten zaigula umeoi. Horregatik, hori gabe egon nintzenean, askoz ere askeago, erlaxatuago eta zorion-tsuago sentitu nintzen. Gaztea izanda oso zaila da guztiz zoriontsua izatea, buruan sortzen diren galdera eta pentsamenduen ondorioz, baina mugikorra beste oztopo bat izaten da zoriontasunera iristerakoan. Zehatzagoak izanda, mugikorrarekin datozen jokoek eta sare sozialek gure lagun eta familietatik aldentzen gaituzte, nahiz eta kontrakoa pentsatu bakardadera eramaten gaituzte. Benetan zoriontsu egiten ez gaituzten gauzetan jartzen dute ardatza, beraz, gure autoestimua zigortzen dute erabat, guk noiz, nola eta zer pentsatu eta egin behar dugun zehazten joaten diren bitartean. Denboran atzera joan ahalko banu, nire gurasoei smartphone-a horren goiz ez ematea eskatuko nieke, eta horren ordez, soilik kontaktuan jartzeko balio duen Nokia bat ematea, behintzat ni sare sozialen inguruan formatua eta prest sentitu arte.

Bestalde, geure buruaren eta gure ingurukoengandik gertuago sentitzeko behar-beharrezkoa da mugikorra urrun izatea. Gabon hauetan eskatzen dudan bakarra familiaz eta nitaz gozatu ahal izatea da. Hortaz, mugikorrik ez oparitzea eskatzen dizut. Muxu".