artha C. Nussbaum filosofo estatubatuarrak honako hau idazten du Citadels of pride liburuan: "Harroputzentzat ezer ez da erreala bere baitatik kanpo, eta beste pertsona batzuen gainetik sentitzen dira, beste horiek ez dutelako erabat pertsona gisa kontatzen". Pertsonen kosifikazioa, beraz, funtsezko osagaia da horrelako portaeretan, gauzatze horrek eragotzi egiten baitie besteekiko enpatia sentitzea.

Nussbaumek pertsona bat gauza bat bezala tratatzeko zazpi modu deskribatzen ditu: pertsona hori tresnatzat hartzea (objektu bat norbaiten helburuetarako), autonomiarik eza (autonomiarik ez balu bezala tratatzea), bizi-tzarik gabekoa (jarduteko gaitasunik ez balu bezala), bortxagarria (haren osotasuna errespetatu beharko lukeen mugarik ez balego bezala), trukagarria (eskuratu, eduki, erosi, saldu... daitekeena) eta subjektibotasunik gabea (haren sentimenduak ukatzea edo kontuan ez izatea). Zazpi horiei, beste filosofo batek, Rae Langton feministak, isilaraztea gehitzen die (hitz egiteko gai ez balitz bezala edo bere hitzek baliorik ez balute bezala).

Gizaki bat gauza bihurtzeko modu desberdin horiek guztiak hainbat testuingurutan gerta daitezke, baina garrantzi berezia hartzen dute eta funtsezko osagaiak dira emakumeen aurkako sexu-erasoen kasuan. Erasotzaileek autonomiarik, subjetibotasunik... gabeko emakumeen ikuspegia dute, eta ikuspegi honek haienganako enpatia eragozteaz gain, haien instrumentalizazioa errazten du. Hau ez da berria, baina ziberespazioan nagusi den emakumearen irudi kosifikatuak areagotu egin du, bereziki (baina ez bakarrik) porno misogino, matxista eta bortitzenean, gizonei behar eta nahi duten guztia egiteko eta emateko prest dauden emakumeen irudiak nagusi direlako: emakume otzanak eta subjektibotasunik gabeak, bakarrik zerbitzatzeko daudenak.

Gizon batek bizitza errealean emakume bat erasotzen badu, bere aurrean gizakirik ikusten ez duelako da, ez duelako pertsona bat ikusten, eta egiten ari dena egiteko eskubidea duela sentitzen duelako, harrokeriak eta nagusitasun-sentimenduak itsututa. l