Maiatzaren 15eko datarekin, Arkamurka natura-elkarteak idatzi bat bidali die Zarauzko Udalari, Foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, Iñurritzako Biotopoan kokatuta dagoen golf-zelariaren kudeaketak eragindako kezkak helarazteko.Idatzi horretan argitzen denez, urtebete baino gehiago pasa da Eusko Jaurlaritzak golf-jarduera baimen-tzen zuenetik.Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteak kezka handiz hartu zuen ebazpen hori, ordura arte Iñurritzako Biotopoan gertatukoak ikusi, Arkamurka elkarteak hamaika ahalegin eta salaketa eginda ere, horko kontserbazioaren ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak entzungor egin baitu urte guzti hauetan, batez ere azken legealdian.Golfak Biotopoaren natur balio garrantzitsuenak gordetzen dituen duna-eremua okupatzen du bere osotasunean eta jarduera horrek, dunetako landaredia guztiz kaltetzen du. Aipatutako ebazpenean eta, batik bat, maneiu-planean aipatzen diren eginbeharrak kalte hauek gutxitzea zuten helburu, baina, egoerak duela bost/hamar urte bezala jarraitzen du, esan nahi baita, golfariek nahi dutena eginez, inongo lotsa eta beldurrik gabe.Horren adibide garbia da, edonork egunero-egunero golf zelaian ikusten duena, Kontserbazioko eremuetan gertatzen dena: ebazpenak baimentzen du golf-pilota kontserbazioko eremu batera eroriz gero, golfaria bertan sartu eta pilota berreskuratzea, baina debekatzen du eremu horretara erori den pilota handik jotzea edo jokatzea.Ebazpenak dio: “Babestutako eremuetan jokatzea debekatuta egongo da; eremu horietan soilik pilotaren bila sartu ahalko da”. Etengabeko arau-haustea dago golf-zelaian. Jokabide horren zaintza, eta gainerako esku-hartzeena, azken batean, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, noski, eta ez egitea inkunplimentu bat da. Baina, badago egoerari horri lotutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste hutsegite bat, alegia, babestutako eremuak seinalizatzearena. Jaurlaritzako ebazpenak dio: “Eremu-zedarritze hori onartu ondoren, eremua modu eraginkorrean balizatu beharko da, zelaiaren hedadura osoan lursailaren izaerari buruzko zalantzarik egon ez dadin”. Urtebete pasa da eta guk ez dugu ikusi makilatxo bat bera ere jarrita.Idatzi-salaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiari ez ezik, Zarauzko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari ere bidali diogu, hauek ere badutelako erantzukizuna kontu honetan; Udalak golf-jarduera baimendu duena delako, eta besteak, jardueraren aldeko ebazpena emanez, ingurumen-inpaktuaren zaintzaile delako. Arkamurka elkartearen ustez, hirurek egon behar dute jakinaren gainean zer gertatzen ari den; nahiz eta, ez dugun uste ezjakintasuna dagoenik, utzikeria baizik. Urte-bukaeran Udalak txosten bat egingo du gero Eusko Jaurlaritzak dena aztertuko du, eta abar, eta abar. Hau guztia Golfaren kudeaketa arduragabearen adibide soil bat besterik ez da.