Boris Johnson festa eskandaluetatik onik aterako dela dirudi. Barruko txostenaren zati bat baino ez da argitaratu poliziak egin behar duen txostena ez dutelako oraindik bukatu, eta txostenen trikimailu burokratiko horri esker Johnson jaunak denbora irabazi, barkamena eskatu, neurriak hartuko dituela iragarri eta afera garrantzizkoagoetan dabilela adierazi du. Nazionalista eskoziarren bozeramaileak lehen ministroak gezurra esan diola Parlamentuari salatu zuenean, izugarrizko sesioa egon zen; ondorioz, eskoziarra Parlamentutik bota zuten, uko egin baitzion hitzak erretiratzeari, eta Boris Johnson lasai geratu zen bere eserlekuan. Azken finean, politikari guztien helburua da eserlekuan goxo segi-tzea. Edo ez hain goxo, baina bertan.

Boris Johnsonenak mila aldiz ikusi duguna berresten du: legea, arauak, etika, morala eta gainerakoak besteentzat direla eta ez agintean daudenentzat, pobreentzat eta ez aberatsentzat, jende xehearentzat eta ez hariak mugitzen dituztenentzat. Goian daudenek beti aurkitzen dute trikimailu burokratiko bat, abokatu garesti bat, zirrikituren bat onik ateratzeko. Harrituko dira gero politikariak abstentzioak gora egiten duenean edo euren ospea inkestetan gero eta txarragoa denean. Egia erdiak eta gezur osoak ez dira osagairik onenak konfiantza pizteko.

Boris Johnsonek bere defentsan zera atera du: bera izan dela brexita lortu zuena (britainiarrek eskertuta egon behar dute) eta, aldi berean, bera dela, Ukrainako afera dela eta, Europa babesteko ahalegin itzelenak egin behar dituena (europarrek eta munduko biztanle guztiek eskertuta egon behar dute). Kontraesanak daudela bi baieztapen horien artean? Ez dutela zerikusirik festekin? Aizue, mesedez, politikari bati buruz ari garela. Britainia Handian batzuek Borisconi deitzen diote lehen ministroari.

Agian Johnson jaunari dena bukatuko zaio hurrengo hauteskundeetan, batek daki, baina hurrengo hauteskundeak hor daude, etorkizunean, edozer gerta daiteke eta bitartean, gero gerokoak, lasai asko dago orain Downing Streeteko 10. zenbakian.