Itxialdia hasi eta berehala lagun bati deitu nion, egoera berezi hura hobeto ulertu nahian. Berak aspaldi utzi zuen hiria, baserrian lasai bizitzeko, eta ez da inoiz damutu izan. Honako hau esan zidan: “Entzun ondo, begien aurrean kapitalismoaren suntsiketa ikusten ari gara. Hau lehen fasea da, beldurrarena; hurrengo fasean izua txertatuko digute. Laster esklaboak izatea onartuko dugu oso merke, espabilatzen ez bagara”.

Aurreko krisialdian bezala, kapitalismoa denen ahotara etorri zen berriro oraingoan ere. Europako agintariak, bankeroak, enpresarioak, futbolariak… denek jarri zuten auzitan gure bizi-sistema, hobetu beharra zegoena. “Gizakia guztiaren erdian jarri”, eta gisako esaldi ponposoak entzun genituen. Egoerak, ordea, laster Walt Disneyren komedia baten antza hartu zuen: jendea musika jartzen hasi zen balkoietan, bata tronpeta jotzen, bestea ukelelea, bestea opera kantatzen, kaiolaturik zeuden tximinoen gisan. Jendeak isiltasunari dion izua harrigarria da, zinez. Hildakoak milaka biderkatzen ziren bitartean jendeak dantza egiten zuen balkoietan, ezin nuen ulertu ageri zuten bozkarioa. Ezkondu ere ezkondu ziren balkoietan. Agian Casablanca filmeko esaldia zuten erreferentzia: “Mundua suntsitzen ari da, eta gu maitemindurik gabiltza”.

Askok ekarri zuten gogora Hitchcocken La ventana indiscreta filma, baina nik gehiago ikusten nuen La jauría humana filmeko jarrera. Bertan, ihes egin duen preso baten atzetik abiatzen da herri oso bat, eta hemen geneuzkan balkoietako poliziak, milaka eta milaka, bahiketa kolektibo bat otzantasunez onartu zutenak, itxialdiko arauei muzin egiten zieten balizko delinkuenteei oihuka, aurrez ezer galdetu gabe, kalean egote hutsagatik erruduntzat joz, Ipar Ameriketan beltza izateagatik kondenatzen zaituzten bezala. Eskerrak hemen armak edukitzea debekatuta dagoen. Polizia etortzen zitzaizun etxepera zorionak kantatzera, egun osoan isunak jartzen ibili ondoren, heroi berrien (mediku, erizain, saltzaile eta abarren) ondoan leku bat hartu nahirik. Banksyren margoak, erizainaren panpina laztantzen zuen umearenak, denak hunkitu zituen. Dena gezurra zen. Bizikletan gehiago ibili beharraz mintzo ziren politikoak, baina Jaurlaritzak autoak erosteko Renoveko dirua bikoiztu zuen, bost miliotatik hamarrera. Liburuei buruz zer egin duen ez dugu jakin, ez du eta ezer egin. Zeelanda Berriko politiko guztiek %20 jaitsi zuten euren soldata; hemen ez dugu horrelakorik irakurri. Elkartasuna norberaren dirua ukitzen ez duen propaganda hutsa da hemen. Autopistara atera nintzen lehen egunean ikusi nuen kapitalismoa berrosatzen berriro: jendea presaka, atzetik argiak jartzen makal bazindoazen, lehengo antsietate berbera, lehengo ihes berbera, nora iristeko?

Eta iritsi zen berriro normaltasuna: futbolari bat agertu zen egunkari bateko lehen orriko argazki nagusian. Haiena da, berriro, lehen orriko argazki nagusia. Kirolak gizarteari egiten dion ekarpenarekin zer ikusirik ez duen lekua du berriro. Eta aberatsak gure erreferente nagusi. Zientzialariak, medikuak, erizainak eta abar ezkutatu dituzte, gorde dira euren betiko haitzulo ikusezinean. Ez dugu entzun soldatarik igo dietenik. Baina entzun dugu milioiak irabazten dituztenek eutsiko diotela euren dirutzari, berdin-berdin. Jada inor ez da kapitalismoaz mintzo, turismoaz baizik.