Gaztea nintzenean ez zegoen bidaia-agentziarik gure herrietan, eta beste modu batean bidaiatzen genuen. Nora joan, eta nola, zeuk erabaki eta moldatu behar zenuen, oso espontaneoa zen dena, irteerak ez ziren planifikatzen, momentuan burutazio bat izan, eta egin, horrela ibili izan gara munduan zehar nire belaunaldiko gehienak. Etxetik irtetea zen kontua, gero ikusiko genuen, une bakoitzean, zer egin eta nora jo. Hura bai zela abentura, gaurko bidaia guztiz planifikatuen ondoan.

Bakoitzak bere interesen arabera bidaiatzen zuen, punkya izan nahi zuenak Londresera, kostoa nahi zuenak Marokora, ardozalea Errioxara edo Bordelera joango zen, musika tresna merkeak nahi zituena Sobiet Batasunera, Bob Marleyrekin txundituta zegoena Jamaikara. Nire bidaia askoren jomuga literaturak eta musikak baldintzatu du. Gogoan dut autoan Amsterdametik bueltan gentozela Normandian sartu ginela. Norabide jakinik gabe, mapari begiradatxo bat ematen geundela han ikusi nuen izena: Saint-Malo. Benito Lertxundiren kantua ekarri zidan gogora: Saint-Maloko itsasoan, herri bat nuen hausnartzen… eta horrela ezagutu genuen Bretainiako herri liluragarri hura.

Hogei urterekin, eta baliabide handirik gabe, Baztan ezagutzera joan banintzen, Mikel Laboaren kantuagatik izan zen: Baztango bazterrak nire logelan hasi ziren sartzen eta sartzen. Modernitate totala zen niretzat kantu hura, paisaia bat zure logelan sartzen irudikatzea, Baztan hartako baserriak, jauregiak, larreak, behelainoa… nire logelan? Esperientzia bizitzea merezi zuela eta jo nuen Elizondora, geroztik hainbat aldiz egin dudan bezala. Guk ez dugu bidaia-agentziarik behar izan, ez egun osoko programazio bat eskainiko zigun tour operatzailerik ere. Zuberoa gisa berean ezagutu nuen, Lertxundiren diskoak kitzikatuta.

Kubara ere batik bat liburu batek bultzatu ninduen, En Cuba, Ernesto Cardenalek idatzi zuena iraultzaren hastapenetan. Errealitateak sekulako egurra eman zidan, liburuan zegoen idealizaziorik ez bainuen aurkitu. Parisen nengoela, nola utzi bisitatu gabe Cafe Les Deux Magots, La Closerie des Lilas edota Cafe de Flore, Ernest Hemingwayk Paris era una fiesta liburuan aipatzen dituenak. Bisitatzeko daukat, oraindik, Leonard Cohenen kantu ospetsuko Chelsea hotela. Eta beste asko. Nola ez maitemindu Buenos Aires edo Lisboaz, tangoak eta fadoak entzunda!

Kontua da lehen bidaiaren jomuga erabakitzen zela lehendabizi, eta gero hara nola iritsi aztertu; lekuarekiko interesa pizten zen lehenengo, gero hara joateko. Gure idealak, fantasiak, desioak eta mitifikazioak markatzen zuen norabidea. Gaur egun, eta jada aspalditxotik, jendea eskaintza merke bat dagoen lekura joaten da. Maiz entzuten da: “Lituaniara goaz”. Eta zuk pentsatzen duzu, tira, agian badute han gustuko museo bat, edo independentzia prozesua nahi dute ezagutu, edo… Baina ez; erantzuna hau da: “Oso merke lortu dugu bidaia”. Edo Cancun, Varadero eta Playa Bavaroko eskaintzak hartzen dituztenak, “dena barne” dagoena, hotelaren barruan, alegia. Hotela dute ezagutzen, ez herrialdea.

Beti uste ohi dugu gurekin munduan egoteko modu bat bukatuko dela, baina agian bidaiatzeko modu erromantiko hura ez da jada existitzen. Ez naiz postal ederren ehiztaria izan, ez dut argazki bakar bat atera. Ikusi, bizi eta sentitu, aski izan dut horrekin.