Behiala maite izan genituen kantak berriro entzutea baino psikoanalisi hoberik ez dago. Zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, eta kantariari omenaldi egiteko aukera ematen. 1977an, gu institutuan ikasle ginela, argitaratu zuen Txomin Artolak Haizea diskoa, Amaia Zubiriarekin batera. Bertan zegoen, kanta gogoangarri askoren artean, Goizeko euri artean ospetsua ere. Iñaki Azkune irakasleak irakurtzeko tartea eskaintzen zigun euskarazko klaseetan, eta maiz disko hori jartzen zuen, gure egonaldia gozatzeko. Orduan iltzatu zitzaidan kanta barren-barrenean, eta urte askotan entzun gabe egon ondoren Gabonetan maiz entzun dut berriro Artolaren balada hippya. Ez dakit zergatik. Edo bai.

Kantak, uste gabe, gure inkontzientean sartzen dira, gaztetan batez ere, eta oharkabean haien arabera bizitzen has gintezke. Entzun genituen unea gozoa izan zelako, edo euren barne-mezuarekin guztiz identifikatzen garelako, edo aurkezten duten bizitzeko eredua delako gure ametsa eta nahia, eta, gehienetan, gizarteak aurkezten digun bidea baino interesgarriagoa delako haietan dagoen planteamendu existentziala. 43 urteren ondoren deskubritu dut egia hau nire baitan: Goizeko euri artean kantak kontatzen duen istorioaren arabera bizi izan naizela. Eta halere onik atera naizela, inkontzientzia horri esker, gizarte errukigabe honen enbata itzeletatik.

Goizeko euri artean aterkirik gabe zihoan gaztea izan naiz, eskuak sakeletan, pena bat, edo pena asko bihotzean. Pena baino, eskaintzen zitzaidan bizi-moldea baino zerbait gozoagoa aurkitu nahian, benetako lagunak, idealak, samurtasun orokor bat eta, denen gainetik, amodio eder bat. Etxetik urruti, kaleetan bakarrik maiz, oraindik ere plazer sakona eskaintzen didan ibilbidea da. Kaleetan abestera ere iritsi naiz, gitarran nekizkien sei akordeekin lagunduta, eta bai, jendeak zerbait utzi zidan, Iruñean, Hendaian edo Donostian goizeko euri artean.

Orain ere aterako nintzateke kalean musika jotzera, baina “ez horrela ibili” maiz esan didate, kontzientzia aburgesatuentzat lotsaizuna baita. Neskaren baten xuxurlak iritsi zaizkit, itsas-lamien antzera, “hobeki biziko zara hemen, gu biok elkarrekin” esanez, baina inoiz ez zait iruditu hobeto nengokeenik, bakarrik eta neure kasa nabilenean baino. Ez beti, halere; gustura hartzen da besarkada maitekorra. Maiz galdetu diot, neure buruari, zertarako naizen hemen, mundu honetan, herri honetan, gizarte honetan, zer egin beharko nukeen eman zaidan bizitzarekin, nola itzuli munduari lagundu didaten askoren babesa, energia eta maitasuna.

Baina aurrera joan behar dut, beti aurrera, atzera begira geratu barik, bidea hartu arte, eta bidea hartzen dudanean, beste bide baten bila, erromesaldia, gustatzen zaigunontzat, ez baita inoiz amaitzen, ez genuke nahi inoiz amaitzerik. Bila zabiltzan hori aurkitzen duzunean, benetakoa bada, ohartzen zara bide berri baten hasiera dela, inoiz ez amaiera, patxada, loa eta kitto!

Saharan soldadu zegoela idatzi zuen kanta hau Txomin Artolak, euritik urrun, baina nekez laburbildu liteke egokiago, ederrago bizifilosofia bat hiru minututan, “Ni horrelakoa naiz!” esatera eraman ninduena, eta gehiago: “Horrelakoa izan nahi dut aurrerantzean ere!”. Saiatu naiz hori betetzen. Orain kantaz oroitzen naiz pozik ikusten dudanean eguzkia agertzen goizeko euri artean.