Duela urte batzuk mahai inguru batean parte hartu nuen Madrileko Liburu Azokan. Ez dut ondo gogoan zein zen eztabaidaren gai orokorra, baina badakit, uneren batean, “euskal-gatazka-eta-literaturaz” hitz egitea egokitu zitzaidala. Lasai nengoen: Espainian izan ohi dudan publikoa progresista izaten da, eta sekula ez dut eduki arazo handiegirik gure kontuez aritzeko; orokorrean, errespetuz tratatu izan gaituzte, ni eta nire ideia ez bereziki originalak, are nirekin ados ez zeudenek.

Egun horretan, ordea, azpimarratu nuenean gure Gauza ez zela soilik Euskal Herriaren zati baten eta espainiar estatuaren arteko borroka bat, barne-gatazka bat baizik, orobat, “gerra zibila” esapidea erabili nuen -“intentsitate baxuko gerra zibil bat”-, eta, orduan, entzule batek hitza hartu eta ozenki egin zuen protesta: IUkoa zela azpimarratu ondoren, bota egin zidan, zakar, ea nola ausartzen nintzen gertatzen zitzaigunari “gerra” deitzen, alde batek baino ez zuela hiltzen, hura terrorismo hutsa zela eta lotsatuta zegoela han aditutakoaz. Nik, ildo hori eutsiz, gure historiaren nolabaiteko jarraikortasun kontraesankorrari egin nahi nion erreferentzia, Lehenengo Karlistalditik (1833-39) ETAren oldarrera (1968-2011) zihoan hariaz, Bigarren Karlistalditik (1872- 76) eta Gerra Zibiletik igarota (1936- 37). Uste dena baino kontraesankorragoa den hari bat, bide batez esanda, Jokin Muñozen Antzararen bideak edo -une hartan idatzi gabea zen- Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok-ek erakusten duten bezala, esaterako. Baina mutil haren interbentzio bortitzaren ondoren, ez nuen sendotasunik izan diskurtsoa egoki eraikitzen jarraitzeko. Zorionez, mahai inguru bat zen, eta elkarrizketa beste norabide batzuetatik galdu zen.

Nik jarraitzen dut pentsatzen gure Gauzak izan duela gatazka zibiletik zerbait, nahiz eta horrek ez dituen bere ertz guztiak agortzen. Baina analogia ez zegoen, agian, ondo eraikita: nahikoa da erreparatzea aipatu gatazken data-tarteen luzera diferenteetan natura ezberdinekoak izan zirela ohartzeko. Lehenengo hirutan, gerra “konbentzional” guztietan bezala, lurraldearen konkista izan zen gakoa; azkenekoan, ordea -eta honekin ez dut gutxietsi nahi, inola ere, eragindako min guztia-, kontakizunaren kontrola izan da giltza. Eta esango nuke 1980 hamarkadaren uneren batera arte ETAk izan zuela, euskal gizartearen zati handi batentzat behintzat, kontakizun horren kontrola. Eta, ordutik aurrera, galtzen joan zela erremediorik gabe.

Horregatik segitzen du horren inportantea izaten, egun eta maila guztietan -baita literarioan ere-, “errelatoaren” auziak. Espainiako Gerra Zibilaren kontakizuna, esparru literarioan, Errepublikak irabazi du nahiko argiki, Trantsizio ostetik behintzat -beste kontu bat da maila politiko-instituzionalean: horretarako, zalantzarik gabe, erabakigarriagoa izan zen gerra konbentzionalaren aipatu lurraldemenderakuntzaren emaitza, Espainiako giro politikoaren bilakaerak maiz gogorarazten digun bezala-. Baina 1950eko edo, agian argiago, 1960ko hamarkadaren amaieratik XXI. mendearen hasierara arte luzatu zen euskal biolentziaren kasuan, jokalekua ez zenez lurraldea izan, kontakizuna baizik, ez da harritzekoa horrek jarraitzea izaten, egun, eztabaidaren erdigunea.

Odol isurketarik gabe bada ere, egun. Zorionekoa dena, esan gabe doa.