Irail edo buruilaren 3a, igandea; Bixintxo-bestak bete-betean dira Urruñan. Gaur, igandea izaki, besteak beste meza-nagusia 10:30etan. Ordu erdi bat lehenagotik hasi da jendea hurbildu eta elizako aulkietan jesartzen. Goiko hiru galerietatik biga daude zabalik eta, gehienbat, gizonezkoak daude. Behean aurrean eskuinean koruko jendea bi zuzendarirekin eta aldare gibelean Alemaniatik jindako 40ren bat laguneko musika-banda, bertako jan-tzi eta guzti.

Ate nagusitik Frantziako banderadun bi gizaseme txapeldun sartu eta aldarearen bi aldeetan jarri dira. Herriko etxekoentzat leku berezia hartuta dago. Apaiza hurbildu zaie agurtzera; auzapez-andereari bi musuz eta besteei eskua emanez.

Meza 60 urte inguruko abadeak eman du, hiru beretter mutiko eta neskato bat laguntzaile zituela. Frantsesa izan da oinarrizko hizkuntza, bai irakurgaietan baita sermoian ere; noren aldeko meza zen aipatu du: Maite Etchegoyen, Michel Urbiztondo, Jeannot Zamora, Xemartin Itxassa, Beñat baitako Zozaya sendia, Elissaga sendia, Larretche sendia, Mayie et Henri Exposito, Pepita Irastorza, Gregoire Garmendia, Dominique eta Germaine Olaizola, Manex Ostiz eta Sttephane Kowalski. Euskaraz kantuak soilik, tartean aleman bandak hainbat pieza jotzen zituztelarik. Meza erdikoan banderadunek Frantziako banderaz bi gur-aldi egin dituzte ostia eta kaliza jasotzerakoan.

Organo-joleak oneski alaitu du elizkizuna. Halako batean, San Inazioren ereserkiaren pasarte batzuk ere xurxulatu ditu, elizkizunaren amaieran indar handiz jotzeko.

Alemanen azken saioarekin amaitu da elizkizuna, Ravelen boleroaz, hain zuzen. Apaizak gogo biziz eskertu ditu eta hauek baita alemanez erantzun ere jendearen txalo artean.

Guztira 310en bat eliztar, gehienak 60 urtetik haratagoak. Atarian 1914-18 eta 1939-45 mundu gerretan hildako 126en bat urruñarren izen-deiturak, oroimena gal ez dadin.