Mozalaren aurpegi gordina
Esaerak dioenez, “tximinoa, beti tximino, txapela jantzi arren ere”. Horixe baino ez digu adierazten pasa den astean Uarkapeko igogailuaren ondoan zegoen muralarekin gertatutakoak.
Arrasateko Udal Gobernuak abenduaz geroztik indarrean dagoen ordenantza garbitasunaren izenean ezarri duela esan arren, bistan da mozal legearen aldaera lokala baino ez dela; zerikusi handiagoa duena adierazpen askatasuna murrizketarekin, herriko kaleak garbi mantentzearekin baino. Izan ere, ordenantzaren benetako helburua Arrasate txukun egotea izango balitz, ardura handiagoa jarriko zuten honezkero nonahi zapal ditzakegun txakur-kakak eragozten; edo zabor-on-tzien inguruetan lagatzen diren poltsak ahalik eta azkarren jasotzen; edo herriko hainbat gune eta parketan botatzen diren hondakinak biltzen. Adibide garbi batzuk jartzeagatik.
Baina Uarkapeko muralarekin egin dutenak argi uzten du ordenantza horren helburua udal Gobernuaren ustez kutsu politikoa daukaten pintadak eta muralak ezabatzea dela. Amarru bat, adierazpen askatasuna kontrolatzeko eta bere gustukoa ez den guztia paretik kentzeko.
Uarkapeko murala orain dela urte batzuk Udalatxen mendi-istripuz hil zen gazte bati eskainita zegoen. Haren gertukoek egin zuten bat-batean galdutako laguna omentzeko eta gogoan izateko. Saminetik eta amodioz egindako murala zen. Eta margo pote batez estali dute.
Adierazpen askatasuna kaiolatzea larria bada, mural horrekin egin dutenak ez dauka kalifikaziorik. Legala izango da, agian. Baina etikoa eta humanoa?
Gertaerak sumina piztu du eta ez gaitu harritu udal Gobernuak, bere burua zuritzeko, errua margolari bati bota izana. Erantzukizuna onartu beharrean, margolariak agindua gaizki ulertu zuela esatea. Penagarria benetan. Egia esan, ohituak gaitu horrelako itxurakeria eta erreakzio hutsaletara. Legealdi honetan, politika egiteko bi modu ari baita erakusten udal Gobernua: egurrezkoa eta erakusleihokoa. Baina kaltea egina dago eta ez dauka atzera-bueltarik.
Debekua irrazionaltasunaren sinonimo izan daiteke zuhurtzi, ezagutza eta irizpiderik gabe aplikatuz gero. Eta horrelako gertaera mingarrietara eraman gaitzake, halabeharrez.