Bide guztiek omen daramate Erromara, nondik edo handik; hala esaten dugu askotan. Egia da klase askotakoak izan daitezkeela bide horiek, eta aste hauetan ikusi, entzun eta irakurritakoaren arabera, banuke zer esanik gaur ere politikaren bideez. Izango da, ordea, horretarako aukera. Gaur beste modu ba-tzuetako bideez jardun nahi dut; aspalditik datozen bideak dira horietatik asko, abiaburua iaz izan zuena besteren bat, eta, nolanahi ere, leku berezia izango dutenak, guztiak ere, hasi berria dugun urte honetan. Zer esanik ez, bide guztiek bezala, ibilbide baterako aukera eman eta gonbita egiten digute. Zein dira bide horiek? Zergatik esan du guztiek garamatzatela Erromara? Horixe argitzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan, bide honetan lagun egin nahi badidazue, behintzat.
Efemerideen bidea izango da lehena. Urtero bezala, gure historian nabarmendu diren gizon-emakumeak oroituko ditugu 2015ean zehar. Horietako batzuk ekarriko dizkizuet gogora. Ehun urte izango dira Koldo Mitxelena, Piarres Larzabal, Mariano Izeta edo Eugene Goihenetxe jaio zirela; eta Jose Manuel Etxeita edo Jean Hiriart-Urruty hil zirela. Bide luzeez ari gara, oraindik ere eten ez direnez, guk nahi badugu, behintzat. Izan ere, pertsona horietako bakoitzaren bideak izan du, ñabardurak ñabardura, batzen dituen ezaugarri bat: guztiak ziren idazleak, mota bateko eta besteko testu oparoak utzi dizkigutenak. Testu-sorta hori darama bideak, kasu honetan, Erromara.
50 urte izango dira Gerediaga Elkartea sortu zela 1965ean. Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea izenarekin sortu zen eta, ustez, aurretik zuen bideak eskualde hartako bizitza sozial eta kulturala berpiztera eramatea zuen helburu. Baina bidean jarri orduko erabaki zuten errepide zabalagoa egin nahi zutela, Durango Merinaldeko eskualde-errepidearen ordez, errepide nazionala. Eta Durangoko Azoka antolatzen hasi ziren. 1965eko azaroaren 1ean antolatu zuten lehen aldiz, Andra Mariaren basilikako arkupean eta 19 argitaletxek hartu zuten parte. Idazleak, argitaletxeak eta euskaldun batzuk (ez gutxi, baina ez gehiegi ere; militanteenak, nolabait esatearren): horiexek zebiltzan orain dela berrogeita hamar urte bide estu eta ez oso eroso hartan. Bost hamarkada igaro ondoren, idazleak (eta sortzaile gehiago ere bai, jakina; 50 eskulangile, esaterako, 2014an), argitaletxeak, erakundeak eta euskal gizarte askoz mardulagoa dabil bide horretan: 120.000 bisitari inguru antolatzaileek ziotenez 2014ko azokaren balantzea egitean.
Mende honetan berebiziko indarra hartu du sareak, internetek, informazioa bilatu eta lortzeko orduan. Honekin zerikusia dutenak dira hurrengo bideak. Horietako lehen bidean, armiarma literaturaren sarean doa ibiltari armiarma.com webgunean. Eta armiarmak hainbat motatako harilkaiak hartu ditu literaturaren sarearen zati bat ehuntzeko (aurreraxeago ikusi dugu bestea): idazle ugari eta haien lanak, herri literaturako balada, poesia, kanta eta bertsoak, zein X. mendetik XX. mendera arteko testu zaharrak Klasikoen Gordailua hariltzeko; bertso eta olerkiak, horien gaineko hemerotekaren sarea sortzeko; 29 literatura-aldizkari eta 6.000tik gora artikulu digitalizatu Ibiñagabeitia proiektuan Literatur Aldizkarien Gordailua harilka-tzeko? Hor irakurri ahal izango dugu mendeurrenean oroituko ditugun Jose Manuel Etxeitak, Piarres Larzabalek edo Mariano Izetak idatzitako hainbat liburu. Oro har euskal testugintzaren lekukotza zabal eta ederra izan dezakegu bidelagun.
Hur-hurrean, ondoko bidean, Liburuklik dugu, euskal liburutegi digitala, 2011. urtetik aurrera landua, funts ederra eskura jartzen diguna: hemeroteka, Bizkaiko Foru Liburutegiko, Eibarko Juan San Martin udal liburutegiko, Oiartzungo Manuel Lekuona udal liburutegiko, Arabako Foru Aldundiko, Irungo Ikust-alaia udal liburutegiko, Loiolako Santutegiko, Eusko Legebiltzarreko, Laudioko udal liburutegiko? liburu eta dokumentu ugari euskaraz zein gaztelaniaz doan irakur ditzakegunak.
Liburu digitalek azken urteetan hartu duten indarraren lekuko eta erakusle da aipatu dugun bidea. Gertakizun horri dagokio hurrengo bidea ere: 2014ko apirilean jakin genuen liburu digitalak 21 egunez doan jasotzeko aukera izango dutela Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea osatzen duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 230 udal liburutegien erabiltzaileek. Zergatik? Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak, batetik, eta Eusko Jaurlaritzak bestetik, horretarako bide ematen zuen hitzarmena sinatu zutelako. Aste honetan bertan jakin dugu eLiburutegiak -Euskadiko Liburutegi Digitalak- 1.696 liburu digital eman dituela maileguan; eta euskarazkoak izan direla eskari handiena izan dutenak. Baina bidegabea litzateke Euskadiko Irakurketa Publikoaren sarea e-Liburutegien bidera mugatzea; zorionez, askoz zabalagoa da errepide hori eta milaka eta milaka testu daramatza Durangon urtez urte, urtean behin bisitatzen ditugunak.
Aurreko bideetatik gertu, eta horien osagarri -edo haiek honen osagarri-, armiarma.com webguneak ere liburu elektronikoak jartzen dizkigu eskura, literatura unibertsala eta euskal klasikoak, maileguan hartu ordez gure irakurgailu elektronikoetara doan jaitsi ditzakegunak. Shakespeare, Cervantes, Madame de Lafayette, Daniel Defoe, Jonathan Swift, Hans Christian Andersen? Munduan zehar hamaika hizkuntzatara itzuli diren 58 liburu guztira, euskaraz eta doan. Eta euskal literaturan klasikotzat har ditzakegun lanak, hasi XVI. mendetik eta XX. mendera artekoak: Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Antonio Maria Labaien, Kirikiño, Piarres Lafitte, Martin Ugalde? Horien artean mendeurrena dela eta oroituko ditugun Piarres Larzabal eta Mariano Izetaren lanak, edo Salbatore Mitxelenarenak; hain zuzen ere, bere heriotzaren 50. urteurrena izango dugu gogoan aurten. Beste 122 lan erraz asko sar ditzakegunak geure irakurgailuan. Testu digitalak daramatzate Erromara azken hiru bideek.
Euskararen Nazioarteko Egunean aldarrikatzen dugu egun bat dugula urtean euskara ospatzeko eta 365 egun euskaraz gozatzeko. Berdin esan dezakegu liburuez ere: lau egun ditu urtean Durangoko Azokak, baina 365 egun ditu urtean euskaldunak irakurtzeko, mendeurrena delako oroituko ditugun idazleek zer idatzi zuten jakiteko, haien lanaz eta oraindik bizirik ditugunenaz gozatzeko. Baditugu bideak idazleen horien testuak dakarzkigutenak, askotan digitalizatuak, idazle gazteagoen testuak -Irakurketa Sare Publikoan eskura ditzakegunak-; baditugu irakurgailu elektronikoetan doan edo ordaindurik goza ditzakegunak eta, zer esanik ez, paperean. Azken batean, aurreko lerroetara ekarri ditudan bide guztiek garamatzate Erromara irakurketaz gozatzera.