Aratz Lakuntza donostiarra Costa Rican ospatu zen munduko txapelketa irabazi du 2024an. Espero ez zuela adierazi du, nahiz eta aldi berean lan fina egin duela onartzen duen. Karrera egiten zuen bitartean konturatu zen aukerak zituela, eta horiek aprobetxatu zituen estrategia zehatz bat zehaztuz: hasieratik bere topera korrika egin bere limiteak kontrolatu ahal izateko karrera osoan zehar. Hurrengo munduko txapeketa 2025ean izango da, Suedian.
Munduko txapelduna bihurtu zara Costa Rican. Zelan bizi izan duzu?
Nik irabazi nuen mundu txapelketa nire adineko kategorian. Munduko txapelketa sakabantzen da adin tarteetan. Elite tanda badago ere, noski, munduko hoberenekin. Espainiaren izenean joan nintzen eta nire adineko munduko hoberenekin lehiatu nintzen. Nire helburua ez zen irabaztea, “top 10”-a espero nuen.
Estrategia bat jarraitu zenuen?
Karrera hasi zenean, ikusi nuen ondo mantendu ahal nuela erritmoa. Amaieran, gainera, intentsitatea igo nuen. Poloniar eta Estatubatuar batekin aritu nintzen lehenengo postua lortzeko lehia horretan. Azkenean, bi karrerak irabazi nituen. Laburra, 3 kilometrokoa, eta luzea, 15 kilometrokoa.
Une erabakigarririk egon zen txapelketan?
Ez nuke esango. Karrera guztia izan zen oso garrantzitsua. Ez zen egon momentu bat non argi eta garbi irabaziko nuela ikusi nuen. Dena oso garrantzitsua izan zen. Zuk sinetsi behar duzu lortuko duzu. Nik erabaki nuen azkar atera behar nintzela irteeratik. Ikusten banuen ezin nuela erritmoa mantendu, ba erabakiko nuen jaistea. Eroso joan nintzen, 40 minutu neramala, ondo jarraitzen nuen eta amaieran erabaki nuen intentsitatea pixka bat gehiago igotzea.
Ze beste lehiaketa garrantzitsu daude OCR-an?
Karrera eta kategoria ezberdin daude. Espainiako txapelketa dago, data zehatz batean ospatzen den karrera bakarra. Karrera hori irabazten duena Espainiako txapelduna da. Espainiar estatuan 50 karrera daude urtero, gutxi gorabehera, eta bi kategorietan banatzen dira: liga nazionala eta “OCR series”. Garrantzitsuenak “OCR series” dira, esan genezake lehenengo mailako liga dela. “OCR series” 6-8 karrera dira. Horietan hoberenak elkartzen gara. Liga horren irabazlea da gero mundialera elite mailan joaten dena. Ni aurten “OCR series”-ean bosgarrena noa, beraz, nire adineko lehenengoa. Mundiala “OCR series” bukatu baino lehen denez, momentuko postuarekin klasifikatzen zara.
Nola sentitzen zara lehiaketa handi baten aurretik?
Ez daukat errutina berezirik. Egia da azkeneko hilabetean bai intentsitate handiago batekin entrenatzen duzula, eta bereziki, elikadura aldetik kontrol gehiago daukazula. Pisua garrantzitsua da. Nire entrenatzailearekin eta nutrizionistarekin lana errazagoa izan da, asko eskertzen diet nirekin egindako lana. Kirol hau gogorra da, bi hilabete izan ziren bakarrik mundialean pentsatzen, ordu asko… Gauza asko galdu nituen. Bi hilabete horiek disfrutatzen dituzu baina momentu askotan pentsatzen duzu gauza asko ari zarela galtzen. Suposatzen dut prozesuaren parte dela.
Zein da zure hurrengoa erronka?
Espainiako txapelduna izatea gustatuko litzaidake. Badakit ez dudala lortuko, baina helburua hori da. “OCR series” garrantzitsua da, 8 karreretatik zure 6 marka hoberenak hartzen dituzte sailkapenerako, beraz, bi karreretan kale egin ahal duzu. Karrera nazionala bakarra da, hor mundu guztia joaten da. Espainiako txapelduna izan ahal zara eta “OCR series”-ean parte ez hartu.