- Nerea Iribar eta Andoni Galarragaren lagunek beraien omenez pala memorial bat antolatu dute Getarian ekainaren 11n. 2021. urtean zendu ziren eta adiskideen esanetan, "kirolzaleak ziren eta palak ziren biek partekatzen zuten afizioetako bat. Horregatik, urtero bien omenaldi modura pala memoriala antolatuko dugu goiz pasa polit eta hunkigarri bat igarotzeko".

Txapelketa goizeko 9.30ean hasiko da eta 15.30rako bukatzea aurreikusten dute. Euria ez badu egiten herriko frontoian jokatuko da, bestela polikiroldegikoan. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute eta bikote mistoak egin ahalko dira. Partida guztiak kanporaketa moduan jokatuko dira, hau da, irabaziz gero aurrera jarraituko dute bikoteek. Parte- hartzaile kopuruen arabera norgehiagokak 10,12 edo 16 tantora izango dira. Zalantzazko jokaldiak argitzeko epaile bat egongo da, baita ere.

Izen-ematea doakoa da eta email bidez egin beharko da palamemoriala@gmail.com-en. Maiatzaren 4an irekiko da izen-ematea eta hilabete bereko azken egunera arte egongo da apuntatzeko aukera. Bertan, partaideen izen abizenak, telefono zenbakia eta kamisetaren neurriak (partaide guztiek memorialerako egindako kamiseta tekniko bat jasoko dute opari moduan) zehaztu beharko dira. Gehienez, 16 bikotek har dezakete parte txapelketan, beraz, apuntatzen diren lehen 16 taldeek izango dute bertan jokatzeko aukera. Gainera, finalera iristen diren bi bikoteek memorialeko laguntzaileek eskainitako detaile bana jasoko dute.