- Hitzarmena sinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak Euskaltzaleen Topagunearekin. Izan ere, laster Euskaraldiaren 3.edizioa hasiko da. Helburua da euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea. Horren baitan, Urola Kosta eskualdean proiektua dinamizatzeko hiru langile kontratatuko ditu Topaguneak: bat Zarautzerako; bestea Zumaia eta Getariarako, eta azkena Aian eta Orion aritzeko.

Martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak. Otsailaren 14a izango da izena emateko azken eguna. Hamabost hilabetekoak izango dira kontratuak, egun erdikoak: 2022ko martxoaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 31ra arte.

Kontratatuko diren hiru dinamizatzaileen eginkizun nagusia tokian tokiko Euskaraldia dinamizatzea izango da. Besteak beste, ondorengo eginkizunak izango dituzte: tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu; entitateen lanketa planifikatu eta garatu; herritarrak ahobizi eta belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu; herritarren eta entitateen izen-ematea antolatu; balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin eta ekimenaren aurrekontua kudeatu.

Lan-deialdietarako izen-ematea Lansarean webgunearen bidez egingo da. Hiru aukera egongo dira, lehen aipatutako herrien sailkapenaren arabera. Edozein kasutan, deialdiei buruzko argibideak jasotzeko edota curriculumak bidaltzeko ondorengo helbide elektronikoa ere eskuragarri dago: mikel@topagunea.eus.