Zarautzko aurrekontua aurrera atera da bi alderdien babesarekin: EAJ eta PSE-EE. 44 milioi euroko aurrekontua izango da. EH Bilduk, ezezko botoa eman zien orduan, eta orain erabaki horren zergatiak azaldu ditu, xehetasun osoz.

Udal talde honen iritziz, "2022ko aurrekontuek ez diete Zarauzko herriaren premiei erantzuten". Izan ere, EH Bilduren ustez "neurriz kanpokoa" da aurrekontu hauetarako sarrerak osatzeko hamar milioi euroko kreditua eskatzea, aurrekontu proiektuak proposatzen duen bezala: "44 milioko gastuak dituen aurrekontu batean, Udal Gobernuak hamar milioko kreditu bat proposa-tzen du, aurrekontu osoaren laurdena ia. Gainera, kreditua hamar milioikoa izan arren, aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak zazpi milioikoak dira. Horrek esan nahi du kredituaren hiru milioi gastu arrunterako eskatzea aurreikusi dutela". Hau da, "etxeko kontuetan bezala, sartzen dena baina gehiago ateratzen bada eguneroko gastuetarako, arazo bat dagoela", adierazi zuen Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak.

Bestalde, EH Bilduk aurkeztutako eta Udal Gobernuak aintzat hartu ez dituen proposamenak gogorarazi dituzte: Udaltzaingoa kontratatzeko Zarauzko Udalak lan poltsa propioa eratzea; Santa Klarako azterketa bat egitea eta, bestetik, eliza ahalik eta azkarren erabili ahal izateko egoki-tzapenak egiteko partidak proposatu ditu; Udaltzaingoaren egoitza berri-tzeko partida bat; Iritako hezegunea berreskuratzeko proiektua aurrekontuetan islatzea eta trenbidea lurpera-tzeko proiektuaren txostena.