- Zarauzko Udaleko Kooperazio arloak 9.000 euroko dirulaguntza eman dio Saharautz elkarteari Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten larrialdi humanitarioari aurre egiteko. "Urteak daramatzagu Maroko eta Sahararen arteko auziak dakartzan ondorioak ikusten" adierazi zuen Patxi Elola, kooperazio zinegotziak. "Gainera, azken bi urte hauetan, kanpamendu hauetan bizi den egoerari covid-19ak ekarritako zailtasunak ere gehitu behar zaizkio".

Egoera "larri" honen aurrean errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren pertsona horiei "laguntza eta gertutasuna helarazi nahi dizkiegu" gaineratu zuen Elolak. Horregatik, Zarauzko Udalak ez dio Saharako herriari bizkarra eman nahi eta Saharautz elkartearen bitartez laguntza humanitario bidaliko du kanpamenduetara: 9.000 euroko dirulaguntza eman dio elkarteari elikagaiak eta garbitasun gaiak erosi eta kanpamenduetara garraiatzeko.