Orioko Udalak San Nikolas jaiak bertan behera uzten zituela ostegunean iragarri zuen ohar baten bidez. Atzo, berriz, prentsa aurrean agerraldia egin zuten Udala osatzen duten alderdi politikoetako kideek. Bertan izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Jose Jabier Gomez de Segura EAJko zinegotzia, Ana Priede PSE-EEko zinegotzia eta Iker Apaolaza kultur teknikaria. Azken orduko erabakiaren arrazoiak azaltzeko bildu ziren.

Anuska Esnal alkateak hartu zuen hitza: "2019ko martxoan larrialdi egoera etorri zenetik udalok hainbat erabaki hartu behar izan ditugu eta aurreikusitako egoera bat ez zenez, zorroztasun guztiz betekizunak eduki genituen. Bi urte eta erdira egoera berdinarekin topatu gara. Urriaren 6an gure sorpresaz jaso genuen albistea, ordurarteko larrialdi egoera amaitu egiten zela, eta berehalakotasunez ikusi genuen hainbat alkate esaten prentsan festak modu naturalean egingo zituztela".

Horren aurrean, Orioko Udala ere "naturaltasun guztiz" hasi zen kultur batzordeekin bilerak egiten. Azaroaren 17an, ordea, jarraibide berriak etorri ziren esaten "jende pilaketak ekidin beharko genituela eta hori udalen ardura zela". Orioko herriak momentu horretan "egin zezakeen gauzarik errazena festak bertan behera uztea zen". Dena den, herriko eragile eta hainbat elkarterekin bilerak egiten jarraitu du nolabait ere "jende asko erakarriko ez zuen egitaraua osa-tzeko asmoz".

Bere horretan programazioa aurrera eramateko arazorik ez zuten ikusten. Bertso saioak, pelota partiduak, kontzertuak... "Ekin-tza hauek guztiak egitea posible da", berretsi zuen alkateak. Baina "jende uholdeak" herrira iristea saihestu beharreko gauza zen. Zen-tzu honetan, instituzioak ez zuen nahi "inongo sektorerik kriminalizatu".

Elementu guztiok kontuan hartuta, eta ikusita "herriko datuak okerrera" egin dutela, azken momentuan festak bertan behera utzi behar izan dituzte. Alkateak eskerrak eman nahi izan zituen "bide honetan parte hartu duten guztiei". Izan ere, "bidea oso aberatsa izan da, eta zubi sendoak eraikitzeko balio izan du".

Festak bere horretan ospatuko ez badira ere, hitzartutako jarduerak beste data batzuetan egiteko konpromisoa hartu du, eta orain arte sortutako gastuak bere gain hartuko ditu.