Zumaia: Kaleko argiteria hobetzeko 580.000 euro jasoko ditu Zumaiak

1.503 kale-argi eta 111 semafororen argiak aldatuko dira eta azken belaunaldiko LED teknologiakoak jarri

22.11.2021 | 00:54
Lanak 2022a amaitu baino lehen hastea espero da. Argazkia: A.Z.

zumaia – Zumaiako Udalak kaleko argiteria-instalazioen eraginkortasuna hobetzeko proiektua finan tzatzeko 580.000 euro jasoko ditu. Iazko irailean aurkeztu zion IDAEri (Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundea) proiektua eta pasa den astean ebazpena jaso zuen Udalak. Hala, proiektu osoaren lizitazio prezioaren %50a ordaindu ahal izango du dirulaguntza horrekin.

Hala, 1.503 kale-argiren argia aldatuko da (guztira 2.344 kale-argi daude Zumaian), baita 111 semaforoen argiak ere. Instalazio horiek guztietan jarriko diren argi berriak azken belaunaldiko LED teknologiakoak eta eraginkortasun handikoak izango dira. Era berean, "driver elektroniko programagarria izango dute, argi-fluxua ordutegiaren eta bide moten arabera egokitu ahal izateko". Aginte-taulei dagokienez, 33 hobetuko dira (herrian dauden gainontzeko hamairu aginte-taulak lehenengo faseak aldatu ziren). Horrez gain, telekudeaketa-sistema bat instalatzea aurreikusten da, eta kableak eta egoera txarrean dauden zutabeak ordezkatuko dira. Azkenik, legeak aginduta, zenbait eremutan argi sistemak aldatuko dira. Lan hauek guztiak, 2022a amaitu aurretik hastea espero da.

kontsumo baxuagoa Udaletik azaldu dutenez, proiektuan aurreikusten diren aldaketa horiek guztiekin, energia kontsumoa asko jaitsiko da: %75, zehazki. Izan ere, ale-argien potentzia 248,29KW-tik 59,52KW-tara jaitsiko dute; semaforoetan 9,178KW-tik 2,31 Kw-ra. Potentziaren jaitsiera nabarmen horri esker lortuko da aurreztea.

Zumaiako Udalak 2016an heldu zion herriko argiteria publikoa hobetzeko ekimenari. Auditoria bat egin eta aurrera begirako pausoak zehaztu ziren orduan. Lehenengo fase horren balorazio "oso ona" egin dute udal teknikariek. Izan ere, %73 inguruko aurrezpena lortu da kon-tsumoan, eta mantenu-lanak asko murriztu dira. Halaber, argiztapen mailak legez ezarritako mugetara egokitu dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa