- 2005 urteaz geroztik Urola Kostako Udal Elkarteak koordinatzen du Eskola Agenda egitasmoa eskualdean, eta bertatik iragarri dutenez, aurten, haur hezkuntzatik hasi eta lanbide hezkuntzaraino, eskualdeko hamabi ikastetxek hartuko dute parte ekimenean.

Zehazki, Agenda 2030 egitasmoko 15.en helburua landuko dute ikasleek: zelaiak, larreak eta landare itsutasuna. "Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak dira. Eta belarra altxor preziatua da Euskal Herriko baserrientzat. Lurraren azalera kontinentalaren laurdena belardiz estalita dago. Belardietako landarediak eta lurzoruak karbono-hustuleku gisa erabiltzen dira, eta klima aldaketaren aurkako borrokan estrategikoak dira", azaldu dute UKUEtik. Hala, ikasturte honetako xedea izango da "belardi eta larreak behatu, ikusgarritasuna eman eta ingurumen jasangarriago baten alde duten balioa aitor-tzeko ekimenak egitea".

Bestalde, 2020ko martxoan ekimena eten egin bazen ere, 2021-2022 ikasturte berria hastearekin batera heldu zaio berriz hondakinen preben-tzioaren ekimenari. Kasu honetan Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako hamaika ikastetxek egin dute bat, eta helburua da hondakinen prebentzioaren eta birzikla-tzearen inguruan sentsibilizatzea, batik bat.

Horrela, ikasturtean zehar alde batetik, ikasgeletan hondakinen prebentzioaren eta birziklatzearen gaiak landuko dira; material didaktikoz lagunduta eta garbiguneetara ere egingo dira bisitak ikasleekin.

Bestetik, ZiSare konpostajearen aldeko ikastetxe sarearen baitan, materia organikoaren kudeaketari lotutako ekintzak bideratuko dira. Hain zuzen ere, ikastetxeetako konpostagailuen jarraipena egiteaz gain, hiru formazio tailer eskainiko dira.