Dardarafest musika jaialdia egongo da aurten. Zumaiako Dardara Musika Kolektiboak abuztuaren 20an eta 21ean antolatu du hitzordua. Hamargarren urtez jarraian antolatu dute.

Antolatzaileen aurtengo asmoa zerbait berezia egitea izan bada ere, egungo egoera medio, jaialdia bi egunetan egitea adostu dute. Hala, hilaren 20an, "musika rockero edo gogorragoa aurreikusten da". Bamms taldeak irekiko du emanaldia eta ondoren, Cobra taldea igoko da oholtzara. Azken honetan Berri Txarrak, PI L.T, Kokein, 6 urte, Morgan edo Dinero bezalako taldeetan izan diren edo dauden musikariak osatzen dute.

Bigarren eguna, "musika dantzagarriagoarekin hasiko da". Woodstrings taldearen txanda izango da lehendabizi eta Zestoako Grises taldeak jarraipena emango dio jaialdiari. Talisman diska aurkeztuko dute.

Kontzertu guztiak, Sagarbiden izango dira, eta 19.00etan hasiko dira. Sarrerak eskuratu nahi dituztenek, entradium.com plataformaren bitartez egin beharko dute. Egun bakarreko sarrerak sei euroan salduko dira, eta bi egunetako kontzertuetara joan nahi bada, hamaika euro izango da kostua. Momentuz, ez dute esan zein egunetan jarriko diren salgai sarrerak.

Dardara Musika Kolektibotik azaldu dute, edizio guztietan ohikoa izan dela herriko eta elkarteko taldeak egotea baina, aurtengoan formatu laburra egitera behartuta, eta besteak beste denbora luzez ezin entseatu egon behar izanaren ondorio, ez da Zumaiako talderik izango. Haatik, elkarteak hamargarren urteurrena ospatuko du datorren urtean. Horregatik, egoera normalizatzen bada behintzat, ospakizun berezi bat egiteko asmoa duela aurreratu dute.