- Getarian Gozatu Kultura aurkeztu du Udalak. Uztaila eta abuztuan izango da eta kultur agenda oso handia ekarriko du. Ekimenaren bigarren urtea da eta bertan behera utzi behar izan dituzte Salbatore jaietako ospakizunak. Udalak aurreratu du "egun indartsuenak" salbatoreak ospatuko liratekeenak izango direla.

Udalak herriko hainbat eragileekin elkarlanean egin du programa eta "adin eta gustu guztientzako jarduerak" bilduko ditu. Berrikuntza gisa, gainera, "auzoetara" zabaldu dituzte hitzorduak. "Bertako bizilagunak herriaren parte" sentitzeko helburuarekin hartu dute erabakia. Hala, eskaintza Meaga, Askizu eta San Prudentziora ere zabalduko da.

Uztailaren 24an hasi eta abuztuaren 15era arte luzatuko da egitaraua. Afrika Bibangen kontzertuarekin ekingo diote egun horretan (22.00etan). Hilaren 25ean, Bertso saioa izango da Meagan (18.00etan); 31n Aukeran Dantza Konpainiaren Maurizia naiz ikuskizuna Bista Onan (19.30ean); abuztuaren 1ean Eskuz binakako XXIII. Salbatore Txapelketako gazteen eta kadeteen finalak frontoian (18.00etan) eta ondoren, Potx eta Lotxen Etxean ikuskizuna Bista Onan (19.00etan). Jarraipena, abuztuaren 3an emango diote Berdinki zirku garaikide konpainiaren Mikra ikuskizunarekin, San Prudentzion (20.00etan). Ondoren etorriko dira, hilaren 4an, Kantu Kolore taldearen Ametsen urtebetetzea ikuskizuna Bista Onan (19.00etan) eta Arraun ta amets musika emanaldia Salbatore elizan (20.45ean); hilaren 5ean Getaitik Getaira emanaldia kiroldegi kanpoko pistan (20.00etan); hilaren 6an Diana Getariako Musika Bandaren eskutik (9.30ean), Getariako Musika Bandaren kontzertua Harritarten (12.30ean), Eskuz Binakako Emakumezkoen IV. Elkano Sariko eta XXIII. Salbatore Txapelketako 22 urtez azpikoen finalak frontoian (18.00etan) eta Trakamatraka ikuskizun musikala Bista Onan (19.00etan); hilaren 7an haurren danborrada Gure Txeruren eskutik, kiroldegi kanpoko pistan (17.30ean) eta Intzak Hik taldearen kontzertua Bista Onan (20.00etan); hilaren 8an diana Gazte Alaiak txistularien eskutik (09.30ean), estropadak (12.00etan) eta Puro Relajo taldearen kontzertua Bista Onan (19.00etan). Amaitzeko, abuztuaren 14an, Deabru Beltzak kale antzerki taldearen Les Tambours De Feu ikuskizuna izango da frontoian (22.00etan) eta abuztuaren 15ean, bukatuko dira emanaldiak Askizun ospatuko diren Herri Kirolekin (12.30ean).

Doakoak izango dira ekitaldi guztiak, baina getariarrek lehentasuna izango dute. Bihar jarriko dituzte txartelak eskuragarri, turismo bulegoan, 19.00etatik 20.00etara bitartean. Asteazkenetik aurrera, berriz, edonork lortu ditzazke.