Orio | Kultur agenda anitzak beteko du uda

Musika, zinea eta dantza uztartuko ditu eskaintzak; Gure Zirkuak ere geldialdia egingo du uztailean

02.07.2021 | 01:05
Eñaut Elorrieta izango da Orion, uztailaren 9an. Argazkia: Unai Beroiz

orio – Aurten ere festak ospatzeko aukerarik izan ez denez, aurrekontuan horretara bideratutako dirua kultur ekitaldietarako erabiliko da Orion. Hala, agenda "indartsu" bat antolatu da udan, "kultur eskain-tza zabal eta erakargarriarekin". Musika, zinea eta dantza uztartuko ditu, besteak beste. Gainera ikuskizun gehienak doakoak izango dira. Udalak "bizia eman" nahi dio herriko espazio ireki berriari. Hori dela eta herriko plazan izango dira kontzertu asko.

Uztailaren 9an, Eñaut Elorrietak irekiko du agenda. Bakarka egindako bidearen azken emaitza Irteera argiak diskoa aurkeztuko du. Bateria, baxua, gitarra elektrikoa eta biolinak lagunduta taularatuko da gernikarra. Dagoeneko jarri dituzte salgai sarrerak, kultur etxean. Hamar euroko prezioa dute eta kantaldia, 19.00etan izango da Karela kiroldegian. Aurreratu dutenez, aforo mugak tarteko 220 sarrera bakarrik izango dira eskuragarri.

Aurten ere, Gure Zirkua izango da futbol-zelaiaren ondoko gunean, uztailaren 15etik abuztuaren 1era bitartean.

Hondartzako zinea bilakatuko da beste protagonistetako bat. Lur eta Amets filma proiektatuko dute uztailaren 10ean; Si yo fuera rico, uztailaren 24an; Jumanji The Next Level, abuztuaren 7an; Bihurri, jauretxetik kale gorrira, abuztuaren 20an. Abuztuaren 11an zine saioa, berriz, zirku karpan bertan izango da. Dena den, oraindik ez dute zehaztu proiekzioa, baina bai emanaldi guztietarako ordua: 22.00etan hasiko dira.

Hainbat musika eta dantza ekitaldiek osatuko dute gainontzeko eskaintza: uztailaren 30ean, Bulego taldea igoko da oholtzara; abuztuaren 13an, Strapalucio txaranga herriko kaleetan ibiliko da; abuztuaren 18an, Kimua dantza-kolektiboaren saioa; abuztuaren 21ean, Kalakan taldearen kontzertua eta abuztuaren 28an, Kilimak taldea plazan.

noticias de noticiasdegipuzkoa