Zarautz- Covid-19ak Zarauzko kirolean izan duen eraginaz mintzatu gara Leire Arana Zarauzko Kirol zinegotziarekin pandemia hasi eta urtebetera.

Covid-19aren pandemiak nola eragin dio Zarauzko kirol jarduerari?

Osasun-larrialdi egoerak eguneroko errutinak egokitzera behartu gintuen gure bizitzako arlo guztietan. Udaletik garbi genuen oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar genuela eta, bereziki, egoera zaurgarrian zeuden herritarrak izan behar genituela kontuan. Beharrezkoa ikusten genuen herritarrak etxean aktibo eta osasuntsu mantentzea; izan ere, denok ezagutzen ditugu jarduera fisikoa egitearen onurak, bai fisikoak baita psikologikoak ere. Hala, Erlo Telebistarekin elkarlanean, adineko herritarrak etxean aktibo mantentzeko ekimen bat jarri genuen martxan: kiroldegiko begiraleek zuzendutako multimedia saioak. Egunean bi saio emititzen ziren telebistan eta, saioek izan zuten arrakasta ikusita, adineko pertsonei ez ezik, haur eta helduentzat ere saioak ekoizten hasi ginen: yoga, pilates, zumba, adinekoen soinketa, gazte-fit, total training, core, luzaketak…

Aritzbatalde Kiroldegia ekainaren amaieran zabaldu zen, konfinamendua arintzeko azken fasean. Nola egokitu zarete egoera berri honetara?

Maiatzean, kiroldegia zabaltzeko Kontingentzia Plana lantzen hasi ginen, unean uneko baldintza eta neurri berrietara egokitu zitekeen plan bat. Planaren xede nagusia kiroldegiko zerbitzuak langile zein erabiltzaileentzat segurtasun eta higiene berme guztiekin eskaintzea da eta, horretarako, kiroldegia bost sektore ezberdinetan banatu genuen, eta oraindik ere hala mantentzen dugu: harrera gunea, fitness gunea (lehen solairu osoa), ikastaro gunea (bigarren solairu osoa), igerilekuak, eta kiroldegiko alde zaharra (kirol elkarteentzat). Eremu bakoitzak sarrera eta irteera bereiziak ditu, gune bakoitzeko erabiltzaileak ez daitezen gurutzatu, eta dekretuek zehaztutako aforoak bermatzeko, erreserba bidezko sistema jarri dugu martxan, besteak beste, fitness eta igerilekuen guneetarako. Garbiketa zerbitzua ere berregokitu dugu: erreserba txanden artean, uneoro, garbiketa lan taldeek desinfekzio lanak burutzen dituzte. Aireztapen sistema ere txanda bakoitzaren ondoren jartzen dugu martxan, airea berritzeko. Azkenik, erabiltzaileek bete beharreko higiene neurriak ezarri ditugu, besteak beste, maskara uneoro jantzita eramatea, 1,5 metroko distantzia mantentzea, materiala erabili ondoren desinfektatzea, norberak bere toalla eramatea, eta abar.

Zer moduz egokitu dira erabiltzaileak egoera berri honetara?

Egia esan, ez da egoera erraza izan inorentzat, baina burutu ditugun egokitzapenak erabiltzaileen gehiengoak eskertu egin ditu. Era berean, kiroldegiko begirale eta monitoreei esker, uneoro abonatuen feedback-a jasotzen dugu eta zerbitzuak hobetzeko gure esku dauden aldaketak egiten saiatzen gara. Datu batzuk emate aldera, pandemiaren aurretik, 104 ikastaro talde genituen martxan, guztira 1.470 ikaslerekin eta, une honetan, 89 ditugu, 1.127 parte-hartzailerekin. Nahiz eta kopurua jaitsi, gustura gaude eskaintzen ditugun ikastaroekin, kantitatea baino, kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugulako. Abonatu kopuruari dagokionez, %20ean jaitsi da pandemia hasi zenetik. Hala ere, igerilekuetako txandak ia egunero bete egiten dira, baita fitness gunekoak ere ordutegi zehatz batzuetan. Osasun saileko ikuskaritzak zoriondu izan gaitu burututako egokitzapenengatik, beraz, pozik gaude eta ildo honetatik lanean jarraituko dugu, zerbi-tzu ahalik eta hoberena eskaintzeko gure erabiltzaileei.

Zarautz eremu gorrian dago orain. Horrek nola eragin du kiroldegiak eskaintzen duen zerbi-tzuan?

Zorionez, kiroldegia antolatua dugun bezala, dekretuak agintzen dituen neurriak betetzeko aldaketak egitea erraza izan da: ikastaroetan seiko taldetxoetatik lauko taldetxoetara pasa gara eta aldagelak itxi ditugu, igerilekuan izan ezik.

Kirol elkarteentzat ere urte zaila izan da.

Dudarik gabe. Beraiek ere, beste guztiok bezalaxe, euren jarduera eten behar izan zuten. Aurten, zorionez, elkarte eta klub asko beren erritmoa berreskuratzen hasi dira, betiere osasun agintaritzak ezarritako neurriak errespetatuz. Kontziente gara oraindik pandemia aurreko kirol panoramatik urrun gaudela, baina aurrerapausoak emanez espero dugu arlo honetara ere normaltasuna iritsiko dela.

Zer nolako eragina izan du pandemia honek kirol ekitaldientzat?

Urte osoan zehar Zarautzen kirol ekitaldi mordoa izaten dugu baina, iaz, pandemia dela eta, nazioartean esanguratsuak diren hiru ekitaldi indartsuenak bertan behera gelditu ziren: Zarauzko Triatloia, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia eta Pro Zarautz surf txapelketa. Horrez gainera, Zarauzko kirolaren historian esanahi handiko proba arrakastatsuak ere ez ziren egin; Bikoteen Kros Mixtoa, Haimar Zubeldia klasikoa, 3x3 saskibaloi txapelketa, Txaparrotan hondartza eskubaloia, Zarauztarra saria txirrindulari proba, Pagoeta Mendi lasterketa, eta abar luze bat. Aurten ere ekitaldi hauetako gehienak bertan behera geldituko dira, egoera epidemiologikoak aukera ematen ez duen bitartean. Hala ere, iazko udan, bi kirol ekitaldi ospatu ziren Zarautzen: traineruak eta euskal pilota. Izan ere, traineruak publikorik gabe antola-tzeko aukera izan zen eta, euskal pilotan ere, aforo mugatuarekin. Bestalde, aurtengoan, abuztuaren 14 eta 15ean Kantauri itsasoko trainerurik onenez gozatzeko aukera izango dugu XLIV. Zarauzko Estropadekin, non bigarren urtez jarraian, Zarauzko Enbata izango dugun lehian gizonezkoen arraun maila gorenean.

Emakumeen trainerua ere lehian izango du Zarautzek aurten, ezta?

Bai, hala da! Aipagarria da azken urteetan Zarautz Arraun Elkarteak egin duen lana emakumeen arrauna sustatzeko eta emakumeen trainerua berreskuratzeko. Baziren urte batzuk herriko arraun taldeak ez zuela nesken trainerua ateratzen eta, pasa den irailean emakumezkoen taldea berreskuratzeko apustua egin zen. Harrez geroztik, lanean dihardute jada gainean dugun traineru denboraldirako presta-tzen. Guztira, 30 emakumeek osatzen dute proiektua, eta hauetako 20ek osatuko dute ETE Ligan lehiatuko den ontzia. Hala, Zarautz Arraun Elkarteari ematen zaion dirulaguntza aurten 20.000 eurotan igo du Udalak, ezinbestekoa ikusten dugulako emakumeen arraunaren proiektu honi hasierako bultzadan behar duen laguntza eta babesa ematea.

Inbertsioak kirol ekipamendu eta instalazioetan

egealdi honetan zehar inbertsio ugari egin dira kirol azpiegituretan Zarautzen. Lizardi kirol aretoko obrak amaitu ondoren, Aritzbatalde pistako eraldaketa lanak hasiko dira, non dagoeneko argiteria guztia berritu den, eta udan egurrezko lurzoru berria jarriko den, beste hainbat esku-hartze tarteko (megafonia, hormak). Horrez gain, Asti kirolguneak ere aurrerapauso garrantzitsua emango du epe laburrera begira. Martxan da gune honen zabalkuntzaren lehen partzelen erosketa. Gaur egun dauden futbol eta rugby zelaien ondoan erabilera anitzeko belar artifizialeko hirugarren zelai bat jarriko da, atletismo pista eta Udal erabilerako tenis eta padel pistekin batera. Aipatu beharra dago Asti kirolguneak berrikuntza garran-tzitsuak izan dituela azken urteetan: Asti txiki zelaian belar artifiziala berritzea eta harmaila berriak jartzea, besteak beste. Instalakuntzak eguneratzeko lanak ere egin dira azkenaldian: aldagela berriak, harmailetako estaldura eta transformadore berri bat jarri dira, besteak beste.