Zumaia | 'Etendako itsas-bidaiak' hizpide izango dira egunotan Zumaian

Erakusketa ireki dute Oxforden hondoa jotako itsasontziekin; eta liburu aurkezpena ere izango da

30.03.2021 | 23:54
Bi bizilagun 'Etendako itsas-bidaiak' erakusketa bisitatzen.

zumaia – 1900 eta 2016 urte bitartean Bizkaiako Golkoan honda jo zuten itsasontziak gaitzat hartuta, erakusketa sortu dute Zumaian. Ana Maria Benito eta Javier Mazpule antolatzaileek, Etendako itsas-bidaiak izenburua jarri diote lanari. Azaldu dutenez, itsasontzien lorratzean nabigatuko ditu ikusleak eta hainbat galderen erantzuna emateko balioko du laginak: "Zergatik hondoratu ziren? Nork egin zituen salbamenduak? Nola berreskuratu zituzten hondakinak?". Hori ikusarazteko, panel ilustratuak, hondoratzeen mapak, ontzi horietako objektu batzuk eta salbamendu-baliabideak osatzen dute erakusketa.

Oxford aretoan izango da apirilaren 18ra arte. Astelehenetik ostiralera, 18.00etatik 20.00etara; eta asteburu eta jaiegunetan, 12.30etik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara.

liburu aurkezpena Horrez gain erakusketaren baitan, Getariako naufragioak. XX. mendea liburuaren aurkezpena egingo dute, apirilaren 13an, 18.00etan. Aforoa mugatua izango denez, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da. Apirilaren 7tik aurrera egin ahal izango da Alondegia kultur etxean, 943 861 056 telefono zenbakira deituta edo kulturetxea@zumaia.eus helbidera ida-tzita.

Zumaian gertatukoak ekarriko dituzte gogora. Besteak beste, I. Mundu Gerran (1918) urpeko alemaniar batek hondoratutako Lyndiane merkantzia-ontzi frantsesaren tragedia eta Osthav petrolio-ontzi norvegiarraren odiseara ere hurbilduko dira: haren popa Kantabrian agertu zen, eta branka, Zumaian. Halaber, Aitzabal kalan harrapatuta geratu zen Velázquez (1971) itsasontziaren berri emango dute.

Liburua Getarian aurkeztu zuten urtarrilean. Bertan azaldu zutenez 2017an otu zitzaien ideia. Hala, sortzaileak informazioa biltzen joan ziren, gaur arte. Haien hitzetan, ez zuten espero horrenbeste naufrago aurkitzea. Testuaz gain, hainbat argazki zahar topatu zituzten eta horiek ere jarri dituzte, baita testigantzaren bat edo beste ere. Kontuak kontu, ahotsa jarri diote gertatutakoari.