- Pandemiak hankaz gora jarri die planteamendua Zarauzko futbol eskolako antolatzaileei, haatik, ez dute amore eman eta martxan dira berriro ere. Lehiatzen ez dira hasi oraindik, baina 200 haur baino gehiagok astero entrenatzen dute Astiko lurretan, Ander Iruretagoiena eta Jon Jabat entrenatzaileen gidaritzapean. Ardura “oso handia” dela diote. Izan ere, “Gipuzkoan ez da izango hainbeste haur mugitzen dituen talderik”. Azken urte hauetan, gainera, nesken kopurua “hirukoiztu” egin da eta gaurkoz, 60 neskek eta 140 mutilek osatzen dute futbol eskola.

Haur kopuru handi honekin lan egiteak erantzukizuna eskatzen du eta laguntza beharrezkoa dute. Horregatik, Kirol Elkarteko zuzendaritzatik, dei egiten dute “bereziki gurasoei” bertara hurbiltzeko. Asteazkenero biltzen dira, 19.00etatik aurrera, Astin.

Babesleen sostengua ere beharrezkoa izaten da horrelako kasuetan. Datozen hiru urteetan, Jon Gurrutxagaren Olatu Gain erretegiaren izena eramango dute ohialetan. Orain arte ere, berak babestu du taldea, baina Amezti Gain sagardotegiarekin. Zentzu honetan, zuzendaritzaren eta Udalaren izenean, eskerrak eman nahi izan dizkiote Gurrutxagari, “bizi dugun egoera zailean babesa emateagatik”.