-Getariako Udalak aurkeztutako iradokizunak eta alegazioak kontuan hartuko dituela hitz eman du Eusko Jaurlaritzak Getariako Portuaren baitan. Gauzak horrela, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Portuen Zuzendaritzak, sei hilabete izango ditu alegazio guztiak aztertzeko. Dena den aurreratu dutenez, “proiektuaren bertsioa funtsean aldatuko da”.

Hala, bi espazio bereiztuko dituzte planean: lehenengoa, arrantza-jardueretan oinarrituko da eta bigarren bat, “erabilera mistorako” gunea izango da. Nolanahi ere, proiektuaren birmoldaketak 2017an aurkeztu zen proiektua izango du oinarri, eta abian den izapidetze-epeei jarraituko die, ekimena ez moteltzeko eta udalerriarentzat beharrezkoak diren esku-har-tzeak lehenbailehen egiten hasteko. Aurreikuspenen arabera, datorren urtean jasoko du planak behin-behineko onarpena.

Getariako Udalak hamahiru ekarpen aurkeztu zituen pasa den astelehenean eta horietako batzuk dira: “Lurraldean errotatutako lanpostuei eusteko eta tokiko ekonomia eta sektoreari lotutako industriak jasotzen dituen portua” izaten jarraitzea. Horrez gain, moila zaharreko arrantzako dartsenen ur-geruzaren erabilera baxurako eta artisau arrantzarako “nahitaezkoak” direnez, bere horretan mantentzea proposatu du.

Aisialdiko arrantza eta ur-kiroletako jardueren atalean, gaur egun 274 amarraleku daude, eta 211 ontzi itxarote-zerrendan. Getariako Udalaren iritziz, amarralekuek eta bertan dauden instalazioek “gaitasuna dute herriaren beharrei erantzun egokia emateko”.

Portuko eraikinen erabilerari dagokionez, horiek ostatu bilakatzea debekatzea eskatu du. Bestalde, aurreikusita ziren bi aparkaleku horietatik bat egitea nahikotzat jo-tzen da; baldin eta gaur egungo moilako aparkalekua “ordenatzeko eta oinezkoentzako espazio irekiak” sortzeko bada, baina guztiz bazter-tzen du egungo aparkalekuari beste 555 aparkaleku gehitzeko proposamena.