Zarautz: Salberdingo obretan atera dituzten harriak itsasbazterrekoak dira

Arkamurka Natur Elkartearen arabera, itsasoa Zarauzko eremu horretara heldu zen duela 15.000-40.000 urte bitartean

18.02.2021 | 23:59
Begi bistan daude obren eremuan harri borobilak. Argazkia: A.Z.

zarautz – Salberdingo obrak aurrera doaz eta dagoeneko sakoneko lurrak atera dituzte. Bertatik pasa-tzen den herritar orok ikus dezake horiekin sortu dituzten mendixkak. Zarauztarrei, ordea, aten-tzioa piztu die lur horien tartean agertu diren harri biribilek. Askok uste dute erreka harriak direla. Horren harira, Arkamurka Natur Elkarteak azalpenak eman ditu. Beraien esanetan, itsasoa bertan izan zelaren seinale dira pieza horiek. Hori ziurtatzeko, 2009an Alfonso Garcia de Cortazar geologoak Zarautzen inguruan egin zuen azterketan oinarritu dira. Herriko itsas maila baxutzen joan da urte hauetan guztietan: "Azken glaziazioaren ondoren itsasoaren maila 100 metro jaitsi zen. Hau da, hamar kilometro atzeratu zen. Ondorengo izotzek, aldiz, gorakada eragin zuten berriz eta erabat edo partzialki desegin ziren duna-ilarak. Urteen poderioz, bigarren atzeratze bat suertatu zen. Oraingo honetan, ibaietako inguruetan padura zabalak sortu ziren, baina era berean, ibai-errekek lur asko ekarri eta itsasadar asko desagertu ziren", azaldu dute Arkamurka elkartetik.

Hori guztia kontuan hartuta, duela 15.000 eta 40.000 urteren bueltan kokatu dituzte Salberdinen atera diren harriak. Garai horretan itsasoaren zabalera, gaur egungo hiriguneraino iristen zen: "Zarauzko lurpean bi zulo daude: bat, Azken Portutik Santa Barbara aldera eta, bestea, Salberdindik ekialdera", iritzi dute eta beraz, arrasto horiek baieztatzen dute bertako ur gaziaren existentzia. Izan ere, esku-hartze ugari egin badira ere, herrian bi lekutan bakarrik atera dira horrelako harriak: Salberdinen obren baitan eta Lege Zaharren enparan-tzan. Azken honetan, lur azpiko aparkalekua egiten ari zirenean an-tzeman zituzten hainbat ale.