- Kultura-aniztasuna ikustaratzeko eta balioan jartzeko helburuarekin Lamiak eta Lloronak erakusketa jarri dute ikusgai Ongi etorri Eskolara proiektuak eta Zarauzko Udalak , Merkatu plazako lehenengo solairuan egongo dena astelehenetik aurrera. “Erakusketa margolarien eta jatorri ezberdinetako bizilagunen arteko elkarrizketa bat da. Obren egileek jatorri anitzetako herritarrek kontatutako kondairak eta mitologiak izan dituzte inspirazio-iturri, erakusketa honetan topatuko ditugun pertsonaia mitologikoak beren lanetan irudika-tzeko”, azaldu zuen immigrazio zinegotziak, Iratxe Zorrozuak, inaugurazio ekitaldian.

Erakusketak, besteak beste, Kuba, Euskal Herria, Sahara, Errumania, Kolonbia, Venezuela, Maroko eta Senegalgo legenda edo pertsonaia mitologikoetan inspiratutako lanak biltzen ditu.

Udaleko ordezkariez gain, Esti Iregi, Ongi Etorri Eskolara proiektuko koordinatzailea ere aurkezpenean izan zen. Berak azaldu zuenez proiektua aurten zabaldu den arren, pasa den urtean sortu zen ideia: “berez, pasa den ikasturtean sortu zituzten lanak Andoain, Ordizia eta Zarauzko hainbat margolarik. Orduan, ordea, sortzaile bakoitzaren obra bere herrian jarri genuen ikusgai. Zarautzen esaterako, Herritarren Arreta Zerbitzuko (HAZ) erakusleihoan egon ziren”. Hala, lehengo urtekoa oinarri hartuta, “artelan guztiak batu eta erakusketa ibiltari bat egin dugu”. 20 bat pieza inguruk osatzen dute erakustaldia, eta artelan bakoitzaren azpian kontalariaren eta margolarien aurkezpena, artelanaren izena eta QR bat daude. QR horrek, Ongi Etorriko Eskolako webera bideratzen du eta audioak ama hizkuntzan eta beste hainbatetara egindako itzulketak daude.

Otsailaren 28ra bitartean izango da Zarautzen Lamiak eta Lloronak erakusketa. Astean zehar arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara ikusi daiteke eta asteburuan, aldiz, goizean 12.00etatik 14.00etara eta arratsaldean 18.00etatik 20.00etara. Zarautzen egindako geldialdiaren ondoren, beste herrietara mugitzea da asmoa eta noski, tartean izango dira Ordizia eta Andoain.

Bestalde, ostiral honetatik aurrera Hiri-biodibertsitatea erakusketa izango da Sanz Enea kultur etxean. Aurkezpena arratsaldeko 18.00etan egingo dute eta bertan izango dira erakusketa antolatu duten Oñatiko Natur Eskolako partaideak eta Zarauzko Udaleko kultura zinegotzia den Irune Urbieta.