- Zarautzen ereduari jarraituz, Orio bizikletak bide publikotik erretiratzen hasi da kaleak txukundu eta bizikletalekuetan tokiak libratzeko.“Bizikletaleku batzuk beteta izaten dira sarri eta, askotan, dagoeneko erabiltzen ez diren bizikleta hondatuak daude bertan amarratuta, tokia okupatzen”, azaldu dute Udaletik. Ohitura horrekin hausteko, udaltzaingoak zigilu bat jarri zien pasa den astean hainbat bizikletei eta, inork ez baditu erreklamatzen, ondorengo zazpi egunetan, “hondakin gisa” tratatu eta kendu egingo dituzte bertatik.

Bestalde, Udalak dei egiten die herritarrei bizikletak horretarako prestatuta dauden tokietan uzteko eta ez hortik kanpo (faroletan, barandetan, altzari urbanoetan…). Halaber, beharrezkotzat jotzen bada, bizikletaleku gehiago jarri daitezkeela adierazi dute. Zentzu honetan, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko prest daude. Bizikletaleku gehiago behar direla uste dutenek, beraz, Udalera jo dezake, non eta zenbat behar diren adieraziz. Ondoren, Udalak aztertu egingo ditu proposamen guztiak eta hartuko ditu behar diren neurriak “erantzun egokia emateko”.