- Atzo Zarautzen XXXVIII. Erakusleiho lehiaketaren sariak banatu zituzten. Pleno aretoan izan zen ekitaldia eta Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga eta Murkileko Amaia Balsero izan ziren bertan, komertzioetako ordezkariekin batera.

Epaimahaikideek denda guztiak ikusi eta aztertu ondoren erabaki dute Koba barne diseinuak sortu duela Zarauzko Gabonetako erakusleiho politena. Bigarren saria, Frantzesena serraila dendarentzat izan da eta Facebook bidez herritarren boto gehien lortu dituena, Laspiur.

Koba barne diseinuaren izenean, Patricia Alvarez eta Esti Azkue izan ziren udaletxean saria jasotzen eta gustura jaso zuten garaikurra. "Originaltasunean" oinarritu dira. Aulki batzuekin trineoa irudikatu dute.

Lehiaketa honetara aurkezten diren lehen aldia da gainera. Izan ere, urte bat pasatxo ireki zuten negozioa Zarauzko Zigordia kalean. Aurretik, Elgoibarko establezimendu batean egiten zuten lan eta beraien bidea egiteko idearekin iritsi ziren debarra eta plentziarra Urola Kostara.

Barne diseinuaren baitan, era guztietako zerbitzuak eskaintzen dituzte eta bertako herritarren jarrera "oso ona" dela aipatu zuten atzokoan. Zarauztarrentzat lan egiteaz gain, inguruetako herrietako bizilagunak ere gerturatzen zaizkie dendara eta beraz, "oso pozik" daude bertan.

Aurten 27 denda aurkeztu dira (Maria Suinaga ileapaindegia, Unai Garrastazu optika eta audiologia, Frantzesena serraila-denda, Optika Zarautz, Garbiñe Arregi, Laspiur, Javier Lucas, B the travel brand, Pedrosa, Garmen, Soinean, Vulcano, Deboab, Ximiko, Ganbara, Koba barne diseinua, Metai Maitie, Metxak, Segurola iturgintza, Sayalero, Jade, Uhin, Fatima Cazalis oinetakoak, Andere produktu profesionalak, Orizar burdindegia, Laia janaridenda eta Kaprintxo moda), inoiz baino gehiago. Haatik, pandemia tarteko ezin izan zuten parte-hartzaile guztiak udaletxean bildu.

Dena den, alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien guztiei: "Urte zail honetan ere, herriari bizi poza eta argia eman diozue" adierazi zuen eta Gabon hauetan ere herrian kontsumitzeko eskatu du.