- Egoera berezia bada ere, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egitea da Udalaren asmoa eta aurten ere Getariako haurrek aurrez aurre ikusiko dituzte. Horretarako, herritar talde bat buru-belarri ari da ekimena prestatzen, "protokolo guztiak betetzea" baita helburu nagusia. Oraingoz, modu estatiko batean aurkeztu dute etorrera. "Elkanoren monumentuan izango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta mailaka banatuta, talde txikitan Getariako haurrek beraien begiekin ikusteko aukera izango dute" azaldu zuen Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak.

Iaz hartutako bideari jarraipena emanaz, antzerki moduan aurkeztuko dute eta galtxagorrien bitartez, mundu "magiko" batean murgilduko dira haurrak. Udaletik argi utzi nahi izan dute, ordea, getariarrentzat bakarrik izango dela ekimena.

Olentzeroren eta Mari Domingiren harreraz gain, hainbat emanaldi antolatu ditu Udalak urte bukaerarako. Larunbat honetan ekingo diote programari, Amoria ta Dolore, Elkanoren lehen mundu bira dantza ikuskizunarekin. Hitzordua kiroldegian izango da 19.00etan. Egun berean, Urritza aisialdi taldeak antolatuta, haurrentzako Gabonetako apaingarrien tailerra egingo da, Berdura plaza, 11.30etik aurrera. Parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena urritza@gmail.com helbidera idatzita.

Abenduaren 26an, larunbaterekin, Esti eta Mikel Markezek Azal berri-tzen disko berria aurkeztuko dute 19.00etan hasita, Iturzaeta eskolako aretoan.

Abenduaren 27an, berriz, Esnatu naiz kabaretaren txanda izango da. Azken hau ere Iturzaetan ospatuko da, 19.00etan.

Azken ekitaldia, herriko gazteetan pentsatuz antolatu dute. Hala, abenduaren 30ean Dirt jump eta Trialsin ikuskizuna iritsiko da Sahatsaga kiroldegira, 18.30etik aurrera.

Amoria eta Dolore emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko turismo bulegoan. Gainontzeko ekitaldietarako sarrerak, ordea, bihar jarriko dituzte eskuragarri, Berdura plazan, 16.30etik 18.30era bitartean. Abenduaren 16tik aurrera, berriz, Turismo bulegoan.