- Kultura sustatzea, agertokietara itzultzea, erritmoa berreskuratzea, sormena bultzatzea eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzea ditu helburu Beste Bat! zuzeneko arteen egitasmoak. Hala, 2021eko otsailera bitartean, 250 emanaldi baino gehiago izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan, eta horietatik zazpi, bost kontzertu eta bi dantza ikuskizun, Zarauzko Modelo aretoan ospatuko dira. Euskal Herriko Musika Bulegoak, Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin jarri da martxan ekimena.

Zikloa Eñaut Elorrietak irekiko du abenduaren 10ean eta Buffalo taldeak jarraituko dio abenduaren 17an. Zarautzen taularatuko den hurrengo taldea Bulego izango da, urtarilaren 7an, eta atzetik, Amorante (urtarrilaren 14an) eta Olatz Salvador (otsailaren 11n) izango ditu.

Bi dantza emanaldiak, berriz, Ahatik dantza konpainia (urtarrilaren 29an) eta Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrietak (otsailaren 26an) osatuko dute.

Guztiak 19.00etan hasiko dira eta sarrerek zortzi euroko prezioa dute. Eskuragarri daude Modeloko leihatilan edo www.kutxasarrerak.com helbidean.

Eusko Jaurlaritzak momentuan agintzen duen aforoaren arabera antolatuko dira emanaldiak. Beraz, oraingoz, %50eko aforoa du Modelok.

Irune Urbieta, kultura zinegotziak zarauztarrak eta herri mugakideetako herritarrak animatu nahi ditu emanaldi hauetara eta bere esanetan, "oso ekimen interesgarria" da Beste Bat!. Gainera, martxoaz geroztik, kulturak asko sufritu du eta sektoreari "beste bultzada" bat emateko modu bat dela dio. "Kalitate handiko kontzertuak eta dantza emanaldiak" ikusteko aukera paregabea izango da, beraz, Zarautzen.