- Gloria Vazquez parekidetasun zinegotziak atzo azaldu zuenez, "konfinamenduaren ondoren hausnarketa bat egin genuen eta konturatu ginen informazio asko zegoela eta horrelako kasuetan emakumeek ez zekitela nora jo askotan".

Prozesua "argi" izateko egin dute #Zureondoangaude kanpaina. Helburu bikoitza du; alde batetik, emakumeak artatu eta laguntzea eta bestetik, sentsibilizazio lan bat egin nahi da.

Azken honetarako, elementu ezberdinak erabiliko dituzte. Triptiko bat prestatu dute eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eta Emakumeen Etxean dago eskuragarri.

Informazioa kartel batzuetan ere jaso dute eta herrian zehar dauden panel urdinetan jarriko dira. Bestalde, sare sozialetan Zarauzko bost pertsona ezagunen bideoen bidez, gizarte guztira iritsiko diren "mezu zuzeak" zabaldu nahi dituzte. Hain zuzen, Aner Peritz, Iraia Elias, Pakita Galarraga, Juanjo Alvarez eta Nadia Erostarbek hartu dute parte.

Ildoari jarraiki, Jesus Arana gizarte zerbitzuetako zinegotziak aipatu zuen, "zerbitzu zabalak eta potenteak" daudela egun, eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskain-tzen dituzten baliabideetara iritsi baino lehen, Zarauzko Gizarte Zerbitzuetara (010) eta Emakumeen Etxera (943 005 136) jotzea "hasierako sarrera bat" izan daiteke. Bi kasuetan "konfidentzialtasun" osoz jokatuko da.

Kanpainaz gain, Udalak kartel estatikoak kokatuko ditu Zarauzko hiru sarreretan Zarautz indarkeria matxistaren aurka leloarekin eta Erradikalak ginen antzezlana izango da gaur 19.00etan, Modelo aretoan.