manol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka bat sortu zuen urtarrilean Zarauzko Udalak, konpositore zarauztarraren obra osoa ezagutarazteko eta jendearen eskura jar-tzeko asmoarekin. Orain, deialdi horretako lehen edizioak badu sariduna; Itziar Perez de Ziriza nafarrak eskuratu du.

Musika irakaskuntzan ibilbide luzea du Perez de Zirizak eta gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Musikaren Didaktika arloan ari da lanean.

Sanz Enean pasa den ostiralean ospatu zen hitzorduan iragarri zuten Zarauzko Udaleko kultura ardunadunek irabazlea. Bertan izan ziren Irune Urbieta Kultura zinegotzia; Agurtzane Aizpuru Kultura departamenduko arduraduna; Kontxi Aizarna Imanol Urbietaren alarguna eta Itziar Perez de Ziriza bekaren irabazlea.

Azken honek eskerrak eman zizkion Udalari zein Imanol Urbietaren familiari, eta musikari zarauztarrak utzitakoa “Euskal Herrirako altxor bat” dela azaldu zuen. “Pertsonalki, Urbietaren kantek jaiotzetik haurtzaro osora lagundu naute. Euskara ikasteko modurik onena izan zen, gurasoekin batera kantatzen nituen kantak”, gehitu zuen.

Egun, irakasle moduan ere Urbietaren materiala erabiltzen duela aitortu zuen: “Ikasi, sailkatu eta gureak egiten ditugu beste familietara iritsi daitezen”. Imanolen hi-tzetan, musika ume guztiek eskuratzeko eskubidea duten ondare unibertsala da eta beka honekin bere helburua hori lortzea da.

Horretarako, “metodologia” bat jarraituko du. Materiala baloratu, prestatu, inbentariatu eta digitalizatu egingo du. Hau guztia eginda, etorkizunean proiektu ugari gauzatzeko aukera egongo da. Adibidez, datu baseen kudeaketa. “Etorkizuneko irakasleek haurrekin lantzeko eta kontsultatzeko modua izango dute”, esan zuen.

Orain arte egindako lanketan, Imanol Urbietaren 1.896 kanta azaldu dira. Horietatik hainbat “bikoiztuak” daude. Hau da, “moldaketak eta bertsio ezberdinak” ikusi ditu ikertzaile nafarrak. Beraz, ezberdinak diren kantak 1.400 inguru dira.

Doinu asko “ezagunak” diren arren, “inoiz entzun gabekoak” badira tartean. Datari dagokionean, 1966ko piezak badira, baita azken urteetakoak ere.

Hitzorduaren amaieran, Kontxi Aizarnak eskerrak eman nahi izan zizkion Udalari eta sarituari: “Oso proiektu ederra eta aberatsa da”.

Imanolek, gainera, “asko maite zuen Nafarroa” hainbat urtez izan baitzen bertan eta “lagun asko” zituen. “Ziur nago lanketa hau nafar bat egiten ari dela jakiteak asko poztuko diola”, adierazi zuen Aizarnak.

Imanolen lanek “gaurkotasun handia” dutela zioen Imanolen alargunak, baina honen bidez Euskal Herriko herritarren ahoetan kantu kontari egoten jarraituko dute.

Orain arte egindako lanketan, artistaren 1.896 kanta azaldu dira eta “bertsio ezberdinak” daude tartean