- Zainketa Aringarrien Munduko Eguna ospatu zen pasa den larunbatean eta horren harira, Haurrek ere zainketa aringarriak behar dituzte hitzaldia antolatu dute ZarautzOn eta Zarautz Herri Zaintzailea elkarteek.

“Munduan oso hedatuta ez dagoen modalitate terapeutikoa da, paziente terminalen eta haien familien egoera lagundu, babestu eta hobetu nahi duena. Hala ere, egoera honetan dauden pertsonen %50ak ez dute inoiz jasotzen, eta % 75 min emozionalarekin hiltzen da”, diote ZarautzOn elkarteko kideek. Hitzaldi honen bitartez, herritarrak zainketa mota honen inguruan jabetzea nahi dute eta baita zerbitzu hau aldarrikatzea ere.

Elkartearen esanetan, gaixotasuna eta heriotza bizitzaren zikloaren parte dira: “Gure bizitzako fase goiztiarretan, ordea, ez da herio-tza modu natural batean bizitzen eta errealitate bat da. Haurrak ere gaixotu eta hil egiten dira” azaldu dute. Horregatik, “eskubide bera dute, legez aitortuta”, zainketa aringarriak jasotzeko, behar dituztenean, adina edozein dela ere.

Jesus Sanchez Etxaniz Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatra eta Zainketa aringarri Pediatrikoen Taldeko arduraduna izango da hizlaria. Hitzordua bihar ospatuko da arratsaldeko 19.00etan, Zarauzko Modelo aretoan. Aforoa mugatua izango du eremuak eta beharrezkoa izango da musukoa eramatea bertara sartu ahal izateko. Gel hidroalkoholikoak egongo dira sarrera-irteeretan.