- 2019ko irailean hasi ziren Orioko Herriko Plazan eta Aritzaga kaleko zein inguruetan saneamendu berria sartzeko eta urbanizazioa berritzeko lanak. Obraren hasierako planifikazioaren arabera, lanak aurtengo ekainaren bukaerarako, San Pedro jaietarako, amai-tzea aurreikusten zuen Udalak. Koronabirusaren krisiak, ordea, atzerapenak eragin ditu: lanak geratuta egon dira.

Koronabirusak eragindako atzerapenak kontuan hartuta ere, Udalak aurreikusten zuen lanak guztiz bukatu zitezkeela irailaren erdirako, baina hori ere ez da posible izango, arazoak egon direlako lurzoruko harlauzen hornidurarekin. “Lurzoruko harria basaltozkoa izatea aukeratu zen eta obra egiten ari den Ari-tzaga ABEEk material hori Txinatik ekarri zuen. Materiala atzerapenarekin iritsi zen eta, gainera, behin jartzen hasita, egoera ezegokian zegoela ikusi dugu”, azaldu dute Udaletik. Hori horrela, Udalak, irizpide teknikoak erabiliz, atzera bota du material hori eta lurzorurako harlauza berriak ekartzea eskatu du.

Paraleloki, aztertzen ari da lurzorurako zein alternatiba izan daitekeen egokiena eta, behin aukeratutakoan, ahalik eta azkarren eskuratu eta instalatzen hasiko da. Instalazioa bizpahiru hilabete luzatu daiteke, beraz, Gabonetarako buka-tzen saiatuko dira.

Nahiz eta lursorua bukatu gabe egon, ahalegin berezia egin dute plaza ingurua erabilgarri egon dadin. Hala ere, obrak guztiz bukatu arte, kontu handiz ibiltzeko eskatu du Udalak.