-Udaletik jakinarazi dutenez, amaitu dituzte Zumaiako Oikia auzoan eskola inguruan urbanizazio lanak. Bertan futbito eta saskibaloiean jokatzeko kantxa bat eraiki dute, oinezko bide irisgarria, errepidea egokitu eta zabaldu dute eta eskola irteeran graderio bat eraiki dute.

Obrek hiru hilabete iraun dute eta aurrekontua 439.370,74 eurokoa izan da. Urbycolanenpresa enkargatu da lanak egiteaz eta zuzendu, berriz, udal teknikariek egin dute.

Iaz, Udalak auzotarrekin hainbat bilera egin zituen eta haien beharren arabera moldatu dute proiektua. Izan ere, Udalaren esanetan, aurreikusita zegoen planak “ez zituen asetzen auzotarren beharrak”. Hori horrela, plangintzako moldaketak egin ondoren burutu dute proiektua.

Zentzu honetan, Zumaiako Udalak aditzera eman du amaitu direla Artadi auzoko obrak ere. Ur zikinen sare orokorra egin dute bertan eta gas naturala eraman zaio.

Era berean, Korta poligonoari ur hornidura 2. ur biltegitik ziurtatu zaio. Modu honetan hemendik aurrera bi linea izango ditu industrialdeak urez hornitua izateko. Kasu honetan, obraren aurrekontua 482.735,72 eurokoa izan da eta Construcciones Mariezcurrena, enpresak exekutatu du.

Oikiako eskola atzeko urbanizazio lanak bukatzearekin batera, eraikin berriak lehen ikasturtea bete berri du. Urtarrilean inauguratu zuten hainbat “zailtasun” izan ondoren. Egun, 733 metro koadroko azalera du eta bost gelatan banatuta dago: bi urtekoen gela, erabilera anitzeko gela, talde txikien gela eta beste bi espazio. Gainera, liburutegia, jangela eta estalitako eremu bat ere baditu eskola berriak.