- Zumaiako EAJ udal taldeak zerbitzua behar bezala ematen ari ez direla leporatu dio udal gobernuari, TAO zerbitzua 15 egunez atzeratzea erabaki ondoren. Hauen esanetan, "ordenan-tzak jasotako epeak ez betetzeaz gain, esleipenean jasotakoa ere ez da betetzen".

Jeltzaleek ohar baten bitartez jakinarazi dutenez, TAO makinak atzerapenarekin jarri ziren, ez dago kontratatua esleipenak jasotzen zuen kontrolatzaile kopurua eta libre dauden aparkaleku plazak iragartzeko panel dinamikoak ere ez daude jarrita.

EAJk dio, era berean, zerbitzua enpresa batek ematen badu ere, Udalari dagokiola behar den bezala ematen dela bermatzea eta "Udal gobernua ez da ari dagokion kontrola behar bezala egiten". "Zerbi-tzua martxan jartzen den egunerako dena lotuta ez edukitzea larria bada, zerbitzu hori 15 egunez atzeratu ondoren oraindik ere era egokian ez ematea are larriagoa dela uste dugu", jarraitu dute.

Horregatik, TAOaren kontrol ezaren atzean zer dagoen ez dakitela azaldu dute. "Ez dakigu interes falta eta utzikeria den edo aparkalekua erregulatzearen aurka dauden", argitu dute. Zentzu honetan, aparkalekua erregulatzearen aurkako jarrera badute, herritarrei "argi eta garbi" azaltzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko eskatzen diote EH Bilduri.

Gai honen inguruan EAJ taldeak duen jarrera ere gogorazi nahi izan dute. "Erregulazioaren aldeko apustu garbia egin genuen zumaiarrek beren herrian aparkatzeko zailtasunak saihesteko eta ez dugu iritziz aldatu", azpimarratu dute jeltzaleek.

Bestetik, mugikortasun mahaian herritarrek egindako "hainbat ekarpen" egin dituztela esan dute. Horietako bat da, esaterako, TAOa indarrean dagoen epea luzatzea. "Zumaiar askok eskatu digute bereziki Aste Santutik aurrerako asteburuetan ere TAOa indarrean egotea".

"Guk gure esku dagoen guztia egiten dugu, zerbitzuak hobetzeko ekarpenak egiten ditugu, zerbi-tzuak nola ematen diren kontrola-tzen saiatzen gara, irtenbideak planteatzen ditugu, baina erabakimena udal gobernuarena da, berea da erantzukizuna eta berak hartu behar ditu erabakiak", borobildu dute.