- Uda honetako Malkorbe eta Gaztetape hondartzen kudeaketaren plangintza aurkeztu zuen atzo Getariako Udalak, Gurutze Gorria eta Foru Aldundiarekin elkarlanean. "Gure asmoa jendearen segurtasuna bermatuz, hondartza irekiak izatea da", azaldu zuen aurkezpenean Aritz Alberdi alkateak.

Zentzu honetan, bi hondartzetan aforo muga ezarri da eta Malkorbe hondartza, bi eremutan banatu da: "A eremuan, gehienez, 802 pertsona egon ahal izango dira, eta B eremuan 728". Gaztetapek, berriz, gehienez 500 pertsonako edukiera izango du eta mareak baldintzatu egingo du.

Foru Aldundiak eta Aztik garatutako aplikazioaren bidez jakingo da zein den "uneoro" hondartzen egoera. "Semaforo- sistema bidez egingo da. Hau da, aplikazioak argi berdea erakusten badu hondartzan lekua dagoen seinale izango da; argi laranja badu, edukiera laster beteko da; eta argi gorria badu, ezingo da hondartzara sartu", jakinarazi zuen Alberdik.

Jende pilaketak ekiditeko asmoz, bestalde, hondartzetako sarrera-irteeretak zehaztuta egongo dira, alde batetik sartu beharko da eta bestetik atera.

Dutxei eta komunei dagokionez, zabalik mantenduko dituzte. Dutxen kasuan, segurtasun distantziak bermatzen dituen tartean jarriko dira. Komunak, berriz, hiru orduro garbituko dira.