steetako etenaldiaren ondoren, bueltan dira berriz ere Zumaiako merkatari eta ostalariak. COVID-19ak kalte ekonomiko nabarmanak eragin dizkiete eta orain, sektorea berpizteko sustapen eta sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute, Errotaherria izenburupean.

Honen bidez, "herritarren ohituretan eragin, eta urteetan herriko dendek Zumaiari eman dioten bizi-tza itzultzea da asmoa", azaldu zuen Alex Oliden tokiko garapenerako zinegotziak, atzoko aurkezpenean.

Gabonetara arte luzatuko da ekimena eta lehen ekintza martxan dute dagoeneko: 20 euroko deskontu txartelak banatuko dituzte 18 urtetik gorako herritar guztien etxeetan; bono bakoitza bost euroko lau balek osatuko dute, eta banaka zein batera erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, ekainaren hasieratik uztailaren 30era arte.

Bestalde, Zumaiako Udalak hainbat eragileekin Barrutik egitasmoa jarri du martxan konfinamendua arintzeko eta sormena sustatzeko asmoz. Argazki lehiaketak eman zion hasiera ekimenari, eta literaturaren txanda iritsi zen ostean. Egitasmo horien sari banaketa pasa den asteazkenean ospatu zen.

Argazkilari lehiaketako helduen saria, Igor Alday Garaterentzat izan da, eta haur eta gazteen saria Nahia Garcia Lopezi eman diote; Udalak Gertu merkatari eta ostalari elkarteko dendetan erabiltzeko 80 eta 60 euroko erosketa txartel bana eman dizkie, hurrenez hurren. Gainera, argazki lehiaketan parte hartu duten guztien artean Gertuk emandako 50 euroko bi erosketa txartel zozkatu dituzte, eta honakoek jaso dute saria: Sonia Alvarez eta Ugaitz Guerrak.

Literaturari dagokionez, parte-hartzaile guztien artean Gertu elkartearen sariak zozkatu dituzte. 16 urtetik beherakoen artean Maren Iruretagoienak 50 euroko erosketa txartela lortu du, elkarteko dendetan erabiltzeko; 16 urtetik gorakoetan Goiz Eder Iturainek 50 euroko txartela irabazi du, elkarteko taberna edo jatetxe batean otordu bat egiteko.