"Ile-apaindegian bezeroak ikusteko gogoz negoen"

Gogotsu eta herritarren erantzun onarekin eutsi zieten atzo Urola Kostako merkatariek lehen egunari

05.05.2020 | 00:10
Nekane eta Elena ile-apaindegiko lau langileetako bat, atzo. Argazkia: A.Z.

ORIO – Urola Kostako eskualdeko herriak atzo komertzioak ireki-tzearekin batera biziberritu egin baziren ere, gutxi batzuk bakarrik eman zuten lehen pausua. Hein handi batean, ile-apaindegiak eta denda txikiak izan ziren, ateak zabaltzeko hautua hartu zutenak.

Horietako bat izan zen Orioko Nekane eta Elena ile-apaindegia (Abeslari kalea, 6) . Negozioa ixteko agindua izan zutenetik pertsiana jaitsita izan dute eta normalean astelehenetan beraien jaieguna izaten bada ere, atzo "indartuta" ekin zioten lanari: "bi hilabeteren ondoren bezeroak ikusteko eta lanera bueltatzeko gogoz negoen", azaldu zuen denda honetako jabeetako batek.

Aurrez ordua hartutako herritarrei eskaini zieten zerbitzua, baina modu murritzagoan, segurtasun protokolo guztiak betetzeak, hori baitakar. Hala, alarma egoera ezarri aurretik, lau langile zeuden elkarrekin lan egiten. Sortutako parada hau dela eta, "laurok jarraituko dugu, baina txanda ezberdinak egingo ditugu", zehaztu zuen. Horrez gain, maskara eta eskularruak jantzita eramango dituzte eta legeak agindu bezala, bezeroko langile bakarra ibiliko da.

Txoko eta lanerako tresna guztiak desinfektatzeari ere garrantzi handia eman nahi diete, "nahiz eta horrek denbora gehiago eskain-tzea dakarren".

Hala ere, herritarrek "oso ulerkor" ekin diotela jakinarazi zuen ile-apaintzaileak eta dagoeneko aste honetako ordu guztiak beteak ditu Nekane eta Elena zentroak. Aurrerantzean ere horrela jarraitzea espero dute eta ixteko aginduak sortutako galerei "lehenbailehen" buelta ematea da beraien xedea.

herritarren erantzun ona Beste herrietan ere, bizilagunen erantzuna ona izan zen atzokoan. Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aizarnazabal eta Aiako merkatari askok eguna ziurgabetasunarekin hasi zuten. Izan ere, ez da erraza izaten berriz zerotik hastea, baina jende-tza ugari ibili zen lokaletan.

Herritarrek beste behin erakutsi zuten garrantzitsua dela bertako komertzio txikia babestea. Dendariek, beraien aldetik, aurrerantzean ere jendeak erreakzionatzea espero dute, herri guztien helburua bakarra baita: hau guztiaren ondoren komertzio guztiak zabalik mantentzea.