Elkar-Ekin plataformak maskara gehiago banatuko ditu


01.05.2020 | 01:31

Azpeitia – 70 bat bolondresen partaidetzarekin, koronabirusaren aurrean babesteko prestatutako azken 600 maskarak banatuko ditu asteartean Elkar-Ekin plataformak. 

Banaketa hori Azpeitiko hiru leku ezberdinetan egingo da "17.00etatik 19.00etara bitartean" eta telaz egindako maskara berrerabilgarriren bat eskuratu nahi duten herritarrek "Alde Zaharreko Elkargunera, Sanjoandegiko Auzo Lokalera edota Urrestillako Gazte Lokalera" gerturatu beharko dira aipatutako ordu tarte horretan.

Pertsona bakoitzari maskara bakarra emango zaio "baina egoera edo behar bereziren bat duenak hori jakinarazi ahalko die banaketa mahaian dauden pertsonei", bat baino gehiago jaso ahal izateko.

Maskarak erabilpenerako irizpideak jasotzen dituen orritxo bat ere izango duen sobre baten barruan banatuko dira.

Azken banaketa Elkar-Ekin plataformak datorren astearterako antolatu duen banaketa "hirugarrena eta azkena" izango da.

Aurreneko bitan telazko 700 bat maskara banatu zituzten (lehenengoan 100 jarri ziren zaintza eta garbiketa lanetan dabiltzan pertsonen eskura eta bigarrenean 600 bat herritarren eskura).

Hilaren 5erako aurreikusitako azken banaketa horretan beste 600 bat maskara emango dira: "Oraindik lanean jarraitzen dugu eta datorren astearterako beste 600 maskara egingo ditugula aurreikusten dugu", azaldu dute Elkar-Ekinetik.