- Bihar, Aia eta Andatza arteko errepidean XII. auto igoera zen jokatzekoa baina, koronabirusa dela eta, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Dena den, krisi hau pasa ondoren, egitea espero dute, egunik aurreratu ez duten arren. Ohi bezala, 45 auto gidari ziren parte hartzekoak lasterketan.

Data berria jartzen dutenean, lau aldiz egin beharko dute pilotuek ia lau kilometroko ibilbidea. Lehenengo bi igoerak entrenamenduko mangak izango dira eta hurrengo bi igoeretako denborarik onena izango da kontuan hartuko dutena. Orain arte, Aitor Zabaletak du igoera honetako errekorra. 2015ean lortu zuen 1:54.17 denborarekin, bataz beste 118 km orduko abiadurarekin.

Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izaten da Aiako igoera eta aurten lehen aldiz, maiatzetik martxora aurreratzea pentsatu zuten, hainbat arrazoi tarteko.