Negozio askok ostiralean bertan ixtea erabaki zuten, Madriletik etorritako agindua iritsi baino lehen. Beste askok, ordea, azken unera arte luzatzea erabaki zuten. Dudarik gabe gertaera "lazgarriena", ordea, larunbatean eman zen. Autoritateek jan falta ez zela egongo iragarri zuten arren, Zarauzko Maxi Eroski supermerkatuan herritar ugari pilatu ziren, orga eta guzti, 9.00ak noiz joko eta saltokiak ateak noiz irekiko zain. Berehala bertaratu ziren udaltzainak eta ertzainak eta, egun, hainbat neurri jarri dituzte jende pilaketa hori ekiditeko.

Astebukaeran herriko kaleak hutsak zeuden arren, asteguna iristearekin batera, jende gehiago ikusi daiteke orokorrean. Hala eta guztiz ere, kalean urduritasun puntu bat nabari da eta baita irekita gera-tzen diren negozioetan ere.

Horietako bat da Zarauzko Araba kalean dagoen Lau okindegia. Atzo bertan jendea hilaran zegoen, distantzia errespetatuz, ogia erosteko zain. "Egoera zaila da. Ez dakigu zer gertatuko den eta kolokan egote horrek jendearengan ere eragina du. Asteburu guztian herritar gehiago hurbildu dira, baina astelehenetik aurrera, hein batean ohikotasunera itzuli gara salmentei dagokienez", azaldu zion NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariari Lau okindegiko Olatza Urdangarinek.

Establezimendu honek okindegia bezela funtzionatzen badu ere, hainbat aldizkari saltzen dituzte. Alde honetatik, asteburuan inoiz baino gehiago saldu zituztela ziurtatu zuen Urdangarinek.

Berdina zioen San Frantzisko kalean dagoen kioskoko Pili Bergadok, eskularruak jantzita. Gainera, birusa dela eta, "ordutegia murriztu behar izan dut", azaldu zuen. Izan ere, normalean goiz eta arratsaldez irekitzen du baina, orain, goizeko ordutegia bakarrik ari da egiten (8.00etatik 13.00etara) eta beharbada, hurrengo egunetan ordu gutxiagoz irekiko duela zioen, "jende gutxi dabil eta ez du zentzurik irekita izateak".

COVID-19ak eragina izan du era berean, eskualdeko gasolindegietan. Zarauzko Nafarroa kalean kokatua dagoen negoziotik hala adierazi zuten. 24 orduz irekita jarraitzen badu ere, "nabarmen jaitsi" da erregai bila hurbildutako jende kopurua. Osasun agintariek jakinarazitako neurri eta gomendioak jarraitu dituzte eta herritarren erantzunarekin harrituta daude: "Eskularruak jantzita norberak bete behar dio automobilari depositua eta bezero askok ez dute begi onez ikusten hori", zioen bertako langileetako batek. Hartutako beste neurrietako bat gasolindegiko dendara banan-banan sartzea izan dela jakinarazi zuen langileak eta gasolina betetzeko asmoarekin baino, "gehiago dira jan bila etortzen direnak".

Zumaiako Zumaiena ikastetxeko Isaak Aranberri zuzendariak, lan egiteko modua aldatu behar izan du: "IKT azpiegitura guztiak erabiliz jarraitzen dugu martxan", azaldu zuen. "Haurrak eskolara joatearena etenda baldin badago ere, egunerokotasuna jarraitzeko familiei elkarlan bat proposatu diegu. Hala, etxean egin daitezken lan ezberdinak bidaltzen dizkiegu Internet bidez", esan zuen.

Hainbat saltzaileek adierazi dutenez, egun hauetan normalean baino aldizkari gehiago erosi dituzte herritarrek

Zumaiena ikastetxeko ikasle eta irakasleak

IKTak ari dira erabiltzen egunerokotasuna jarraitzeko