zarautz - Zarauzko Udalak ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak antolatu ditu 2020 urteko lehen hiruhilekorako. Jesus Arana Gizarte Politiketako zinego-tziak tailer hauek eskaintzearen helburu nagusia osasunaren sustapena dela gogorarazi zuen: "Osasunaren sustapena ikuspegi zabalean uler-tzen dugu Prebentzio sailetik. Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara. Tailer hauen bidez zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskaini nahi dizkiegu ongizaterako eta egoera emozionalak hobetzeko".

Hala, hiru ikastaro berri eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Lehena, Eguneroko gatazken kudeaketa izenekoa izango da. Aranak azaldu zuenez, "ikasle edo seme alabei nola hitz egin behar zaien jakitea ez da erraza. Guraso askori ez esatea kosta egiten zaie. Heldu eta haurren arteko emozioetan begirada jarriko da ikastaro honetan eta ohiko egoeretan jokatzeko tresnak eta trebeziak jorratuko dira". Ikastaroa Nerea Mendizabalek eskainiko du, euskaraz. Saioak ondoko egunetan izango dira: urtarrilak 31, otsailak 7, 14, 21, 28 eta martxoak 6. Ordutegiari dagokionez, 17.30etik 19.30era eskainiko dira. Matrikularen prezioa hamabost eurokoa da eta 8-20 pertsona inguruko taldea osatu beharko da.

Bigarren tailerra gaztelaniaz izango da: Porros y adolescentes izenekoa. "Non jarri behar dugu begirada gai hauetan? Gure seme alabek substantziak erretzen dituztela jakiten badugu, zer egin beharko genuke? Galdera hauek erantzuten saiatuko gara ikastaro honetan", jakinarazi zuen Gizarte Politiken zinegotziak. Tailer honetako irakaslea Pakita Mateos izango da. Taldea ostegunetan elkartuko da; zehazki, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 6, 13 eta 20ean. Saioak 18.00etatik 20.00etara izango dira. Kasu honetan, gutxienez zortzi eta gehienez hamabost pertsonako taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko eta matrikularen prezioa hamar eurokoa izango da.

Hirugarren tailerra 0-12 hilabete artean dituzten seme-alaben familientzat zuzendua dago."Seme-alaba jaiotzean, familiek jasaten dituzten aldaketa eta beharrei buruz arituko gara" esan zuen Aranak.Taldea asteazkenetan elkartuko da; urtarrilaren 15ean, otsailaren 12 eta 26ean eta martxoaren 11 eta 25ean. Saioak 17.30etik 19.30era izango dira. Prezioa hamabost eurokoa izango da.

Guztiak Zuberoa kaleko 22 zenbakiko ikastaro gelan izango dira. Parte hartzeko interesa duen pertsona orok urtarrilaren 13a baino lehen egin beharko du matrikula, e-posta bidez, prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.